Pako Aristik eta Mikel Markezek beren azken lana aurkeztuko dute Orioko kultur etxean otsailaren 1ean.
Udaleko Kultura batzordeak antolatuta, Pako Aristik eta Mikel Markezek Tabuak salda egiteko
izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute Orioko kultur etxeko areto nagusian. Ikuskizuna otsailaren 1ean izango da, ostegunarekin, eta 20:00etan hasiko da. Sarrera doan izango da.
Mikel Markez abeslariak eta Pako Aristi idazleak 2006ko Galeuskan estreinatu zuten ikuskizuna eta, geroztik, Euskal Herriko hainbat tokitan ere eskaini dute. Bi artista hauen arteko elkarlana ez da berria, lehendik ere eginak baitituzte saio ugari elkarrekin. 1999an prestatu zuten beren lehen ikuskizuna, Tribuaren hitz galduak
izenekoa eta 2003an, berriz, Abiadura handiko urte baten kronika
estreinatu zuten. Bi ikuskizun horiek arrakasta handikoak izan ziren eta Euskal Herri osoan barrena erakutsi zituzten. Oriotarrek ere ikusi ahal izan zituzten eta gurean ere jende asko hurbildu zen bi emanaldiez gozatzera.
Tabuak hizpide
Mikel Markezen abestiek eta Pako Aristiren olerkiek osatzen dute, batik bat, ikuskizun berri hau ere. Ikuskizunak gure arteko tabuak errepasatzen ditu, umorearekin, samurtasunarekin eta, aldi berean, sakontasunarekin. Kantuak, musika, doinu tradizionalak eta ipuin berriak nahasten dira bertan, emanaldi bizia osatuz, orekatua, indartsua, jendearen bihotzera iristen diren hitzekin eta melodiekin.