Azken urtetan bezala, aurten ere Orioko Udalak ?Orio Ezagutzen? heziketa programa sustatuko du, beste urteetan bezela honen garapenaz Arazi-ikt enpresa arduratuko delarik. Proiektu honen helburua Orioko haurrek ingurumenaren gaineko jarrera arduratsuak bereganatuz herriaren bilakaera historikoa eta honek utzitako hondarea ezagutaraztea da. Beraz, urtarrila eta otsailean Orioko Ikastolako eta Juan Zaragueta Herri Eskolako 100 ikasle inguru burubelarri ibiliko dira programa hau garatzen.
Proiektua bi egitarau desberdinez osatzen da eta egitarau bakoitza ikasturte bateko ikasleentzat egokituta dago. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek ?Denboraren bila? izeneko unitatea garatuko dute eta 5. mailakoek, aldiz, ?Argazki Rallya? izenekoa.
Denboraren bila. Unitate honetan Orioren iragana, oraina eta etorkizuna lotuko dira froga desberdinez osatutako jolas baten bitartez. Mendetan zeharreko bidaia hau 1379. urtean Oriok hiri-gutuna lortu zuenetik gaur eguneraino luzatzen da. Orioren etorkizuna ere aztertuko da, izan ere, etorkizuneko Orio nolakoa izatea nahi duten azaltzen duen eskutiz bat idatziko baitiote alkateari. Aldi berean, herriko ingurumen arazoen inguruan irtenbideak proposatzen dituzte.
Argazki rallya. Unitate honetan helburua argazki kamera erabiliaz azken 100 urtetako Orioren berri izatea da. Ikasleak taldeka herriko eraikin eta kale garrantzitsuenen argazkiak ateratzen dituzte gero hauek argazki zaharrekin konparatu ahal izateko. Eraikuntza eta kale hauen inguruko dokumentazio lana ere egin behar izaten dute.
Ikasturte honetarako berrikuntza bat ere badago unitate honetan. Teknologia berrietan murgiltzeko asmoz eta sortutako hondakin kopurua murrizteko asmoz, ikasturte honetan erabili eta bota egiteko kamerak erabili beharrean, ikastetxe zein ikasleen kamera digitalak erabiltzen hastea erabaki da.