Bihar, urtarrilak 5, goizez Erregeen Karterua etorriko da Oriora, eta iluntze aldera, Errege Magoak.
Urtero bezala, urtarrilaren 5ean izango ditugu gure artean Erregeen Karterua eta Ekialdetik etorritako Errege Magoak.
Bihar goizean Erregeen Karterua kalez kale ibiliko da, eta eguerdiko 12:00etan plazan izango da haurtxoek Erregeei idatzitako eskutitzak jasotzen.
Arratsaldean, berriz, Errege Magoak iritsiko dira Oriora.
17:30ak aldera elizan izango dira San Jose, Maria eta Jesus haurtxoa. Hauek agurtzera joango dira Erregeen kabalgatan joko duten haur danborzale eta panderojole guztiak, eta funtzio xume eta polit horren ondoren, denak tren geltokira joango dira trenez iritsiko diren Errege Magoei ongi etorria ematera.
Jarraian, 18:00ak aldera, trenez iritsi ondoren geltokitik abiatuko den kabalgatak lagunduta, hiru Erregeek herri guztia zeharkatuko dute zaldi gainean Karela kiroldegiraino iritsi arte. Han Meltxor, Gaspar eta Baltasarren hitzak entzungo ditugu, eta amaieran, Erregeei musu emateko aukera ere izango dute etxeko txikienek.