Euskararen erabilerak gora egin du azken neurketan

Udaleko Euskara Zerbitzuak bi urtetik behin egiten du neurketa bat, kalean euskararen erabilera zenbatekoa den jakiteko.

Aurtengo neurketa ekainaren lehen astean egin da eta datu onak eman ditu, 2009ko azken neurketakoekin konparatuta.

Guztira, 4.000 lagunen jarduna neurtu da eta datuak sailkatu egin dira hiztunen adinaren arabera.

Espero zitekeenez, haurrak eta gazteak dira, alde handiz, euskara gehien erabiltzen dutenak Orion. Haurren kasuan (0-14 urte), beren hizketaldien %93,52 dira euskaraz; 15 eta 24 urte arteko gazteen artean , berriz, %90,02.

Helduek (25-64 urte) gutxiago erabiltzen dute euskara kalean: %61,19; eta, zaharrek (65 urtetik gorakoek), azkenik, helduek baino gehiago: %77,24.

Erabileraren eboluzioa

Euskararen erabileraren lehen neurketa 1989an egin zen Orion; orain dela 22 urte. Ordutik hona egin diren neurketen emaitzak aztertuta, garbi ikusten da euskararen erabilerak oso nabarmen egin duela gora haurren eta gazteen artean, baina ez horrenbeste helduen eta zaharren artean.

Helduen erabilera, esate baterako, %54,90koa zen 1989an eta %61,19koa izan da aurten.

Nolanahi ere, orokorrean aurtengo erabilera-datuak orain dela bi urtekoak baino hobeak izan dira.

Urtez urteko datuen taula ikusi nahi duenak, hemendik deskarga dezake, PDF formatuan:

http://www.oriora.com/Udala/Euskara/kaleneurketataula.pdf