Datorren maiatzaren 14an, larunbatarekin, Balearen Eguna ospatuko da herrian. Aurtengoa berezia izango da, eta egitaraua prestatzeko, bilera irekia deitu dute Udaleko Kultura sailetik. Martxoaren 30ean, asteazkenarekin, egingo dute, 19:30ean Salatxo aretoan, eta herriko eragile eta elkarteei luzatu diete deialdia, herria festa-giroan murgiltzeko.
Horrez gain, Balearen Eguneko kartela osatzeko, kartel-lehiaketa antolatuko da aurrenekoz. Gaur, martxoaren 24an, zabaldu da deialdia, eta lanak aurkezteko epea apirilaren 8ra arte izango da zabalik. Bi talde bereiziko dira: gaztetxoena, 18 urtetik beherakoentzat, eta helduena, 18 urtetik gorakoentzat.
Helduen taldeko irabazlearena izango da 2022ko Balearen Eguneko kartela, eta horrez gain, 300 euroko eta 100 euroko diru-sariak jasoko dituzte helduen eta gaztetxoen taldeetako irabazleek, hurrenez hurren.
Lehiaketaren oinarriak:
1.- Parte-hartzaileak.
1.1. Taldeak. Kartel-lehiaketaren parte-hartzaileak bi taldetan banatuko dira:
- Helduen taldea: 18 urtetik gorakoak.
- Gaztetxoen taldea: 18 urtez azpikoak.
2.- Lanaren ezaugarriak.
2.1. Formatua. Edozein kolore edo eratako lanak onartuko dira: argazkia, collagea, pintura, eta abar. Lanen neurriak honako hauek izan behar dute:
- Helduen taldea: A3 neurriko formatu digitalizatu batean (PDF edo JPG formatuan, 300 ppp-ko bereizmenarekin) eta, hala nahi izanez gero, A3 neurriko euskarri fisikoan (62 x 88 cm-ko proportzioarekin).
- Gaztetxoen taldea: A4 neurriko euskarri fisikoan (21 x 29,7 cm-ko orrialdean)
Formatuak, nahitaez, bertikala izan behar du.
2.2. Testua. Karteletan, derrigorrean azaldu beharko du Balearen Eguna 2022. Maiatzak 14 testuak, norberak egokien ikusten duen moduan. Gaztetxoen taldean, parte-hartzaileen adinaren arabera, salbuespena egingo da.
2.3. Originaltsuna. Lanak inoiz argitaratu gabeak izango dira.
3.- Aurkezpena.
3.1. Lanak aurkezteko bideak:
- Bertsio digitalean: Posta elektronikoz kultura@orio.eus helbidera bidali. Gaia: Balearen Eguna. Kartel lehiaketa.
- Bertsio fisikoan: Orioko Udaleko harreran, gutun-azal batean sartuta.
3.2. Epea. Lanak bidaltzeko azken eguna 2022ko APIRILAren 8a izango da, 12:00etan.
3.3. Egilearen datuak. Lanetan ez da egilearen daturik azalduko. Aparteko gutun-azal batean (bertsio fisikoan aurkeztuz gero) edo posta elektronikoari atxikitako PDF artxibo batean (emailez bidaliz gero), ondorengo datuak zehaztuko dira:
- Egilearen izen-abizenak
- Telefonoa
- Posta elektronikoa
- NAN zenbakia
- Kategoria (Helduena ala Gaztetxoena)
4.- Sariak.
4.1. Kartela. Helduen taldeko irabazlearena izango da 2022ko Balearen Eguneko kartela.
4.2. Diru-sariak. Gainera, ondorengo diru-sariak banatuko dira:
- Helduen taldeko irabazlearentzat: 300* €
- Gaztetxoen taldeko irabazlearentzat: 100 €
*Sariei indarreko PFEZren kenketa egingo zaie.
4.3. Gutxieneko kalitatea. Saria eman gabe gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek gutxieneko kalitate-mailarik ez badute.
5.- Epaimahaia.
5.1. Osaketa. Epaimahaia Orioko Udalak izendatutako bi pertsonak osatuko dute, eta haiek arduratuko dira bi taldeetako lanen artean irabazlea hautatzeaz.
5.2. Epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: Originaltasuna, estetika, ekitaldiarekiko harremana, koloreen aukeraketa, sormena eta diseinua.
5.3. Irabazleak. Apirilaren 26an jakinaraziko dituzte irabazleak.
6.- Bestelakoak.
6.1. Saritutako lanak Udalaren esku geldituko dira eta, argitaratzeko, ezagutarazteko eta abarretarako eskubide guztiak izango ditu.
6.2. Oinarrien onarpena. Lehiaketara aurkezteak Oinarriak goitik behera onartzea dakar.