Urola Kostako Udal Elkarteak prentsaurrekoa eman du, euskara alorrean egindako lanen balantzea aurkezteko

Uztailaren 11n, ostegunarekin, prentsaurrekoa eman zuten Udal Elkarteko eta udaletako euskara zinegotziek, azken urtebetean egin diren lan eta egitasmoak baloratzeko eta aurrera begira dituzten lehentasunak ezagutzera emateko.

Gari Berasaluze Zarauzko udaleko euskara-zinegotzia eta Amaia Guruzeta Udal Elkarteko lehendakaria izan dira prentsaren aurrean eta honako mezua zabaldu dute:

Urtebete hizkuntza politika orokorra onartu zela

Duela urtebete pasatxo (2012ko uztailaren 4an) Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek prentsaurrekoa eskaini zuten, adostu eta onartutako hizkuntza politika orokorraren berri emateko.

Urtebete igarota, bideratu diren ekimen eta hartu diren erabakien balorazioa egiteko une egokia da.

Indarrean dagoen hizkuntza politikaren oinarrian dago Udal Elkarteak eta udalek euskararekiko hartzen duten konpromisoa, batetik, euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko eta, bestetik, belaunez belaun euskararen jarraipena bermatzeko.

Bestetik, Udal Elkarteak eta udalek bere egiten dute gure eskualdeko alor guztietan euskararen erabilera normalizatzeko eginkizuna.

Horrekin batera, Udal Elkartea eta udalak egile eta eragile direnez, legegintzaldiko helburutzat hartzen da euskara izatea Udal Elkartearen eta udalen lan hizkuntza, barruko lanetan zein beste administrazio publikoekin dituzten harremanetan.

Hori lortzeko, Udal Elkarteak eta udalek erabaki zuten irizpide bertsuekin eta batera jardutea, elkarlanean. Horren haritik, urtebete honetan hainbat ekimen bideratu ditugu elkarrekin. Hona hemen egindako lanak eta balorazioa laburbilduta.

MINTZALAGUN PROGRAMA

Urola Kostako Mintzalagun Programak 5 urte bete ditu. 2009an hasi ginen euskaldun berriak euskaldun zaharrekin elkartu eta asteroko hitzorduak egiten, euskaraz aritzeko.

Urte horietan guztietan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako hainbat herritarrek hartu dute parte ekimenean eta une honetan programa osasuntsu dago.

2009an ekin genion Mintzalagun Programari. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.

Programaren bilakaera ona izan da eta partehartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakide izan genituen, 2010ean 54, 2011n 83, 2012an 76 eta 2013ko ekainean 67. Urtero, batez beste, 64 pertsona eta 18 talde inguru.

Hiketalagun: berrikuntza. 2013an berrikuntza bat egin dugu eta, mintzalagun taldeen metodologian oinarrituta, hika euskaraz “hika” aritzeko ikastaroa eta mintzataldeak sortu eta egin dugu. 16 lagunek parte hartu dute ekimenean. Lehendabizi 10 orduko ikastaroa egin zuten (eduki teorikoak lantzeko); ondoren, bina orduko bost saio egin zituzten, mintzatalde gidatuetan (irakasleak bideratuta) eta ondoren mintzataldea sortu dute.

Mintzalagun programaren bilakaeraz eta emaitzez egiten dugun balorazioa oso ona da.

HIZKUNTZA BALDINTZAK KONTRATUETAN

Gai horren inguruan 2 ekimen burutu ditugu:

Batetik, obra, zerbitzu edo hornidurak kontratatzeko hizkuntza klausula orokorrak zehaztu eta onartzea, kontratazio bakoitzean irizpide horiekin jokatzeko. Bost udalek eta Urola Kostako Udal Elkarteak onartu dituzte hizkuntza klausulak ezartzeko akordioak, beren osoko bilkuretan, eta aurrerantzean klausula horiek ezarriko dira. Akordio horietan, ezarriko diren hizkuntza klausula zehatzez gain, hainbat prozedura finkatu dira, ezartzeko eta jarraipena egiteko.

Bestetik, Udal Elkarteko eta udaletako obra, zerbitzu eta horniduren hornitzaileei fakturak euskaraz bidaltzeko eskatzeko kanpaina bat egin zen 2012an. Udal Elkartearen eta udalen asmoa da 2012tik aurrera pausoz pauso fakturak euskaraz jasotzea.

KALEKO EUSKARA ZERBITZUA: MERKATARITZA

2012ko urritik 2013ko ekainera merkataritzako (ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu enpresak) ageriko elementuak euskaraz jartzeko zerbitzua eta aholkularitza eskaini zaie 5 herrietako establezimenduei. Zerbitzu hori eskaini da eskualdeko euskararen brigadaren bidez eta 3 pertsona aritu dira lanean.

Zerbitzu horrek honakoak egin ditu:

1. Establezimenduei bisitak, datuak jaso eta hizkuntza egoera aztertzeko

2. Establezimenduei zerbitzuen katalogoa eskaini: katalogo horretan hainbat zerbitzu eskaini zaizkie, ageriko elementuak euskaratzeko laguntza, informazioa, itzulpenak…

3. Eskaerak jaso eta erantzun: kartelak, ordainagiriak, itzulpenak, prezio-txartelak…

Hona hemen laburbilduta egindako lanak:

Egindako bisitak

Bisita dira bost herrietako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu arloko establezimenduak (Zarautzen ostalaritza eta zerbitzu enpresak ez dira bisitatu, ostalaritzakoak aurreko urtean bisitatuta zeudelako).

Bestetik, uda sasoian beren ateak zabaltzen dituzten Zarauzko malekoiko establezimenduak (ostatuak, izozki-dendak…) ere bisitatu dira eta hainbat eskaera jaso dira.

Eskualdeko establezimenduen %68 bisitatu da, datuak jaso dira eta zerbitzuen katalogoa eskaini zaie.

Horietatik 467 establezimenduk eskaeraren bat egin dute (batzuk bat baino gehiago).

Eskualdeko establezimenduek egindako eskaeren kopurua handia izan da eta balio izan du ageriko elementuetan euskararen balio erantsita ikusteko.

Egindako eskaera eta euskarrietan azpimarratzekoa da prezio eta produktuen txartelekin egin den lana. Fruta-denda, arrandegi, harategi, okindegi eta izozki-dendentzat prezio eta produktuen txartelak prestatu, egin eta jarri dira, euskara hutsean. Txartel horiek harrera ona izan dute establezimenduen aldetik (39 establezimenduk jarri dituzte).

Balorazioa: ageriko elementuak euskaratzeko ahalegin handia egin da azarotik uztailera bitartean; euskarriak eta laguntza eman zaie establezimenduei eta harrera ona izan da. Horrekin batera, kalean lanean aritu diren pertsonen ahalegina (Julio Lopez, Jaione Larrarte eta Lore Esnalena) azpimarratzekoa izan da, izan ere, establezimenduen premia eta beharretatik abiatuta erantzun diete eskaerei. Udal Elkartearen eta udalen balorazioa ona da, izan ere, ageriko elementuetan euskararen erabilpenari bultzada handia eman zaio. Halaz ere, asko dago egiteko, ageriko elementuen hizkuntza merkataritza arloa euskalduntzeko urrats bat baizik ez baita, zerbitzua euskara eskaintzeko eta lana euskaraz egiteko.

BALORAZIO OROKORRA

Horrenbestez, Udal Elkarteak eta udalek urtebete honi buruz egiten dugun balorazioa ona da. Bistan denez, krisialdiak udalen diru-baliabideak nabarmen murriztea ekarri du eta, ondorioz, ezin ditugu euskararen erabilpena arloz arlo sustatzeko nahi genituzkeen ekimen guztiak bideratu, baina egindako bidearekin gustura gaude eta elkarlanean jarraitzeko gogo biziz.

Getariako Udala
Orioko Udala
Zarauzko Udala
Zumaiako Udala
Urola Kostako Udal Elkartea