Orioko Udalak uztailaren 17tik 20ra egingo den Bisiguaren Festaren zazpigarren edizioa aurkeztu du uztailaren 3an Donostiako Ontzi Museoan. Agerraldian parte hartu dute Orioko Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Festak saileko zinegotziak, Jon Agirresarobek; Eusko Jaurlaritzako Arrantza saileko ordezkariak, Koldo Goitiak –Jaurlaritzak diruz laguntzen du ekimena, kostaldeko hainbat herritan antolatzen diren Arrantza Azoken baitan–; Orio Arraun Elkarteko presidenteak, Ibon Huegunek eta Orioko hiru parrillerok. Prentsaurrekoan parrileroek pare bat bisigu erre dituzte, gerturatu direnek jaialdi gastronomikoaren protagonista izango den arraina dastatu ahal izateko.
Arrantzaleen omenez
Bisiguaren Festaren zazpigarren edizioa dela eta, Orioko plaza jatetxe dotorea bihurtuko da uztailaren 17tik 20ra. Hala azaldu du gaur goizean herriko Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Festak saileko zinegotziak, Jon Agirresarobek, Donostiako Ontzi Museoan antolatutako prentsaurrekoan. Aurten ere, festak egitarau oparoa edukiko du eta zinegotziak esan duenez, “zazpigarren edizio honetan herriko arrantzaleak omendu, beren lana aitortu eta gure herriaren ondarea den kultur tradizioa belaunalditik belaunaldira transmititu nahi dugu egitarauaren bidez”.
Bisigu-janaz gain, egitarau zabala
Jaialdi gastronomikoak, aurten ere, programazio osagarria edukiko duela aurreratu du Jon Agirresarobek. Jarraian, lau egun horietan Orion izango diren ekimenetako batzuk nabarmendu ditu Orioko alkateak. Batetik, estropadak: igandean, San Migel Ligakoa jokatuko da, eta larunbatean, berriz, ARC 1ekoa. “Aurtengoan gainera, bi estropadak ibaian jokatuko dira, eta plazatik bertatik ikusteko aukera izango da”.
Bestetik, Zenbat arrain ezagutzen dituzu? lehiaketa aipatu, eta “kultur ondarea transmititzeko” jokatzen duen papera goraipatu du. Azkenik, marmitako (larunbatean, 12:00etan) eta hegaluze dastatzeak (igandean, 11:00etan) izango direla gogorarazi du. Bi egunetan 2.500 razio inguru banatuko dira.
500 bisigu lau egunetan
Egitaraua oparoa izan arren, festaren protagonista bisigua izango da, eta bost otorduak noski. Bisiguaren Festak irauten duen lau egunetan, guztira bost otordu egongo dira, eta 500 bisigu erreko dira. Otorduen prezioa aurreko urteko bera da, 50 euro.
Parrilleroak ere aurreko ediziotako berak izango dira: Joxe Miel Zendoia (Katxina jatetxea), Luis Mari Uranga (Xixario jatetxea) eta Mikel Manterola (Joxe Mari erretegia). Atseden gutxi izango dute lau egunetan, eta, beren lana behar bezala egiteko, parrilla erraldoia jarriko da Orioko plazan.
Bertan, bisigua Orio Estilora erreko dute. Prentsaurrekora gertura diren kazetariek bisigua nola erretzen den ikusi ahal izan dute. “Guk Orio Estilora prestatzen dugu bisigua. Ez dugu besugerarik erabiltzen, bisigua zabaldu eta parrillan jartzen dugu zuzenean”, azaldu du Joxe Miel Zendoiak. Pare bat bisigu erre dituzte parrilleroek prentsaurrekoan bertan, kazetariek ere proba zezaten festa gastronomiko honen plater kuttuna.
Txartelak salgai
Aldez aurretik zehaztu bezala, Bisiguaren Festak uztailaren 17tik 20ra iraungo du. Lau egun horietan, bost otordu egingo dira Orioko plazan -ostegun eta ostiralean afaria, larunbatean bazkaria eta afaria, eta azken bazkaria igandean- . 1.000 txartel jarri dira salgai -salneurria 50€koa da- eta dagoeneko eros daitezke. Erreserbak 943 83 55 65 telefono zenbakian egin behar dira, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte -igande arratsaldean bulegoa itxita egongo da-.
Menuak, berriz, ondorengo bost platerek osatzen dute:
- Antxoak gatzetan
- Tomate entsalada hegaluzearekin
- Zainzuriak
- Bisigua parrillan
- Postrea
*Menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira
Gonbit zabala
Jon Agirresarobek antolakuntzan parte hartu duten guztiei eskerrak emanez amaitu du prentsaurrekoa. Bestalde, gipuzkoar guztiei, eta gainontzeko bisitariei ere, luzatu die festara hurbiltzeko gonbidapena: “Orioko Udaletik, gipuzkoar guztiei gonbita luzatu nahi diet festa gastronomikoaz eta antolaturiko egitarauaz goza dezaten”.
EGITARAUA
Uztailak 17, osteguna
20:00 Aurkezpen ekitaldi komunitarioa
Pello eta Nikolasa kilikiak, Egunsenti Otxoteak eta Harribil dantza taldeak parte hartuko dute
Parrilleroek plaza inauguratuko dute
20:00 Pintxo-pote zirkuituaren irekiera
21:00 Afariak
Uztailak 18, ostirala
19:00 Pello eta Nikolasa herriko plazan izango dira
20:00 Sagardo dastaketa
21:00 Afariak
Uztailak 19, larunbata
12:00 Marmitako dastaketa
12:00 TKE I estropada
14:00 Bazkariak
19:00 Elkarte gastronomikoen arteko bisigu lehiaketa
19:00 Zenbat arrain ezagutzen dituzu? lehiaketa herriko plazan
20:00 Sagardoaren dastaketa
21:00 Afariak
Uztailak 20, igandea
11:00 Hegaluze dastaketa herriko plazan
12:00 Sagardoaren dastaketa
12:00 San Miguel ligako estropada
14:00 Bazkariak