Udalak bandoa kaleratu du, urriaren 5ean Orion egingo den KILOMETROAK jaia dela-eta. Bandoa herriko portal guztietan jarriko da irailaren 24 eta 25ean, eta hainbat ohar biltzen ditu, aparkalekuei buruz, herrian sartu eta irteteko aukerei buruz eta abar.
Honela dio bandoak:
Jakina denez, Orioko ikastolak KILOMETROAK jaia antolatu du aurten herrian. Urriaren 5ean ospatuko da eta festa handia izango da, jende asko mugituko duena. Hori dela-eta, Udalak honako ohar hauek egin nahi dizkie herritarrei:
1.- Herritarrei eskatzen dizuegu, ahal dela, egun horretan autorik ez erabiltzea eta autoak garajeetan sartzea.
2.- Autoa erabili beharko duzuela aurreikusten baduzue, saiatu zaitezte, bezperan, Kilometroen ibilbidetik kanpo aparkatzen: Oribarzarko bidean, Anibarko Portuan edo Santioerreka auzoan.
3.- Autopistaren sarrera itxita izango da 07:00etatik 21:00etara, bai sartzeko eta bai ateratzeko. N-634 errepidea eta gainerako akzesoak itxita izango dira sartzeko; baina erabili ahal izango dira, herritik ateratzeko.
4.- Jaiak herriko aparkaleku asko okupatuko ditu. Ostiraletik aurrera, debekatuta egongo da autoak uztea ondoko kale eta eremu hauetan: Abeslari, Arrantzale, Erribera, Erriberako aparkalekua, Baxoalde, Palota, Abaromendi, Antilla, autopista azpia, Mendibeltzeko aparkalekua, Herriko Plaza, Endaia, Aita Lertxundi, Ibai Ondo eta tren geltokiaren azpian. Gainerako kaleetan aparkatu ahal izango da.
5.- Larrialdiren bat izanez gero, deitu 112 telefonora edo Orioko udaltzaingora (943 830 028)
Barkatu eragozpenak eta gozatu jaia.
Orio, 2014ko irailaren 24a.
Beñat Solaberrieta
Orioko alkatea