Udalaren adierazpena, emakumeei zuzendutako biolentziaren kontrako nazioarteko eguna dela-eta

Orioko Udalak, 2014ko urriaren 30ean egindako udalbatzarrean, Bildu talde politikoak aurkeztutako adierazpen bat onartu zuen, aho batez, Emakumeei zuzendutako biolentziaren kontrako nazioarteko eguna dela-eta.

Azaroaren 25a da nazioarteko egun hori eta, hori dela-eta, Udalak argitaratu egiten du, gaurko egunez, udalbatzarrak onartutako adierazpenaren testua.

Honela dio adierazpenak, hitzez hitz:

EMAKUMEEI ZUZENDUTAKO BIOLENTZIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Azaroak 25 dela eta, “Emakumeei zuzendutako biolentziaren kontrako nazioarteko eguna”, Euskal Herria Bildutik ezinbestekotzat jotzen dugu esparru politikoan zein herritarren artean eman beharreko adostasuna eta konpromisoa gauzatzea, biolentzia matxistarik gabeko bizitzaren espazio komunak lortu asmoz. Eta helburu honek, bizitza kolektiboaren kudeaketa antolatzen eta kudeatzen diharduen instituzio publiko guztietan lehentasunezkoa behar du izan eguneroko jardunean.

Aurten berriro ere, modu anitzean gauzatutako eta emakume ugariri eragindako biolentzia matxista izan dugu gure artean. Feminizidioa adierazle nabarmenena duen biolentzia matxista hain zuzen ere. Desagertzetik urrundu eta geure jendartean errotuta dagoen biolentzia matxista honek, aurpegi ugari ditu, tartean eraso fisiko eta sexualak, baina ekonmikoak eta hitzezkoak ere badaudelarik. Aurten ordea, eraso ideologiko eta diskurtsibo ugari izan dugu, hainbat iritzi gune, epaile eta ordezkari politikoren aldetik.

Horregatik diogu biolentzia matxistari aurre egiteko, bizitzaren esparru orotan berdintasunezko harremanak oinarri izango dituen jendartearen eraldaketa ezinbestekoa dela.

Eta zentzu honetan diogu, biolentzia ez litzatekeela gauzatu ahalko, baldin eta onartzen eta posible egiten duen jendarteratze mekanismoak egongo ez balira; hainbatetan biolentzia kontziente edo inkontzienteki arrazoitutzat, beharrezkotzat edo saihets ezinezkotzat jotzen baita.

Eta honela, erlijioak, hizkuntzak, komunikabideak, familiak eta hezkuntzak biolentzia egonkortu dadin, jendarteratze mekanismoen eragile bilakatzen dira.

Horregatik, emakumeok biolentzia matxistarik gabeko bizitza libreak bizi ahal izateko, burutu beharreko lan eta estrategiek ondorengo urratsetan behar dute izan oinarri:

  • Biolentzia matxistari aurre egiteko garaian, emakume eta gizonen arteko bazterkeria estrukturalaren kontrako lanketa hartu oinarri.
  • Biolentzia modu anitz eta ugariak bistaratu, biolentzia horiek gauzatzen diren espazio ugariak agerian uztearekin batera.
  • Baztertzaileak diren adierazpen eta gauzapen kulturalei aurre egin, eta biolentzia matxistaren eragiletzat jo halakotzat hartuak ez baina badiren fenomeno sozio-kultural eta sinbolikoak, hauen bitartez ematen baita gehienetan biolentzia matxistaren legitimazioa.
  • Agerian utzi, prebentzio lana egin eta emango bada aurre egin, beste biolentzia matxista moduei, transfobia, lesbofobia edo homofobiaren modukoei.
  • Biolentzia matxistaren aurrean gizonek duten protagonismoa eta jarrera hartzeak aztertzera bultzatu: erasoa zer den eta zer ez den identifikatzeko dituzten arazoak, emakumezkoekin eraikitzen dituzten harremanak, balizko jardunbide matxisten aurreko beraien jarrera, edo eraso matxista baten aurrean har lezaketen jarrera pasiboa erasoa babestu ez arren.
  • Prebentzioa ezinbesteko elementutzat hartu, berdintasuna oinarri izango duten harremanak sortu eta eraikitzeko garaian, hezkuntza formal eta ez formalean eragin beharko dugularik.

Honengatik guztiagatik, Orioko Udalak, honako konpromisoa hartzen du:

  • Berdintasun esparruko politikekiko konpromisoa mantendu eta egonkortu, berdintasun politikak garatzeko behar diren baliabide ekonomiko eta humanoak indartuz.
  • Udalerrian eman litezkeen ekintza eta jarrera matxisten aurrean, prebentzio eta salaketarako eragile aktibo izan.
  • Abian jarri, hedatu edo indartu, emakumeen parte hartze ekitatiboa ahalbideratzen dituzten jai edo jardun sinbolikoak, bai eta gainerako espazio sozio-kulturalak ere.
  • Emakumeen enpoderamendua bultzatzen duten gune komunak sortu edota indartu, behar adina baliabiderekin eta sare lana sustatuz, enpoderamendu eskolak edo emakumeen etxeen modukoak.
  • Ahulenak diren guneetan biolentzia matxista eman ez dadin, instituzioen arteko elkarlana bultzatu, baliabide tekniko eta ekonomikoen bitartez: gazteak, adinekoak, etorkinak, nekazal gunekoak, aniztasun funtzionala dutenak, etab.
  • Azkenik, dei egiten dugu egun honi begira mugimendu feministak antolatu dituen ekimenekin bat egin eta bertan parte hartzera.