Salgai daude dagoeneko sanikolasetako babarrun-janerako txartelak

San Nikolas jaien barruan Kuadrillen Eguna ospatuko da abenduaren 5ean, larunbatarekin. Iazko arrakastaren ondoren, egun horretan babarrun-jana antolatzea erabaki dute herriko hainbat kuadrillatako lagunek, Orioko Gure Esku Dago taldearen laguntzarekin.

Babarrun-jana egiten den bitartean haurrentzako jarduerak ere izango dira kiroldegian. Bazkalondoan, bestalde, EONIAN elektrotxarangak joko du.

Abenduaren 1a baino lehen erosi behar dira txartelak

Babarrun-jana 14:00etan hasiko da Karela kiroldegian eta dagoeneko eros daitezke txartelak Gabon eta Errusta tabernetan eta kultur etxean. Txartelak, iaz bezala, 10 eurotan salduko dira. Jeneroa erosi eta guztia garaiz antolatu ahal izateko, txartelak epearen barruan erosi behar dira. Erosteko azken eguna abenduaren 1a izango da, asteartea.

Txartelak erosterakoan, kuadrilla bakoitzak adierazi behar du zein kide dauden prest antolakuntzan laguntza emateko. Antolatzaileek kuadrilla bakoitzeko gutxienez bi lagun nahi lituzkete laguntzaile, zeregin asko sortzen dira-eta (kontuan hartu behar da iaz berrehundik gora lagunek parte hartu zutela bazkarian). Lagundu nahi duenak helbide honetara ere idatz dezake: jarrialea@gmail.com