Urola Kostako Udal Elkarteak (eskualdeko udaletako turismo bulegoek eta euskara zerbitzuek elkarlanean) eskuko hiztegi bat publikatu du, zazpi hizkuntzatan, eskualdera datozen bisitarien artean banatzeko.
Euskararekiko interesa
Bisitari asko etortzen da gure eskualdeko herrietara, bereziki udaberritik aurrera, eta horiei gure eskualdea euskararen herria dela erakusteko prestatu du hiztegia Udal Elkarteak. Urola Kostako herrietara datozen bisitariak gure bazterrak (natura, itsasoa, kostaldea), gastronomia eta kultura ezagutzera etortzen dira eta interesa erakusten dute euskararekiko ere. Interes horri erantzuteko prestatu du hiztegia Udal Elkarteak.
Hiztegiak oinarri-oinarrizko hitzak jasotzen ditu zazpi hizkuntza hauetan: euskara, katalana, gaztelania, galegoa, ingelesa, frantsesa eta alemana. Hitzak hainbat multzotan sailkatuta daude: agurrak, denbora, norabidea eta lekuak, garraioa, familia, ostatuan eta jatetxean erabiltzeko hitzak, janari eta edariak, egunak eta hilabeteak eta zenbakiak.
20.000 ale, eskualde osoan banatzeko
Hiztegiaren 20.000 ale inprimatu dira eta turismo bulegoetan banatuko zaizkie bisitariei, Aste Santuko opor boladan hasita. Orion, turismo bulegoan banatzeaz gain, udal kanpinean ere jarriko da bisitarien esku eta ale batzuk ere izango dira udaletxean eta kultur etxean. Turismo bulegoan larunbatetik aurrera izango dira eskura. Orion, guztira, 2.000 ale inguru banatuko dira.
Hiztegiaren lanketa teknikoa Eregi enpresak egin du.
Sarrerako testua
Hiztegiak euskarari buruzko testu hau ere badakar zazpi hizkuntzetan:
Ongi etorri!
Euskal Herrira etorri zara, gure bazterrak ezagutzera.
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian denetarik duzu, egun eder batzuk pasatzeko. Ikusteko, bailarak, mendi eta basoak, hondartzak, itsasoa… Dastatzeko, bertako produktuak, gastronomia… Gu ezagutzeko, ohiturak, kirolak, kultura…
Eta, hiztegi txiki honetan, gure altxorretako bat, euskara.
Historiaurretik mendez mende, belaunaldiz belaunaldi, XXI. menderainoko bidea egin duen hizkuntza da geurea. Gure herrietan bizi-bizi entzun eta ikusiko duzu.
Hartu gure altxorra esku artean eta erabili!