Elkarretaratze isila deitu du Udalak, Bruselako atentatuak gaitzesteko

Elkarretaratzea 12:00etan izango da Herriko Plazan, eta Udalak dei egiten die oriotarrei bertara azaltzeko.

Orioko Udalak euskal gizartearen aldarriarekin bat egin nahi du, eta, Eusko Jaurlaritzaren deiari erantzunez, bost minutuko elkarretaratze isila deitu du gaur, martxoak 23, eguerdiko 12:00etan.

Eusko Jaurlaritzak deitutako elkarretaratzeak

Eusko Jaurlaritzak deituta egingo dira elkarretaratzeak EAEko herri guztietako instituzioen aurrean. Jaurlaritzak horren deia egiteko kaleratu duen oharrak honela dio:

Eusko Jaurlaritzak adierazi nahi du erabat gaitzetsi eta arbuiatzen dituela terrorismoaren basakeria eta bidegabekeria, oraingoan heriotza eta samina eragin ditu-eta Bruselako aireportuan eta metroan.

Euskal gizartearen izenean, Eusko Jaurlaritzak elkartasuna eta hurbiltasuna helarazi nahi dizkie atentatu honen biktimei eta biktimen senideei. Belgikako Gobernuari eta Bruselako hiri osoari ere helarazi nahi die elkartasun mezu hau.

Dagoeneko helarazi diegu Belgikako agintariei atentatua gaitzesteko mezu hau, biktimekiko elkartasuna erakutsi eta nazioartean, izurik eta ankerkeriarik gabe, askatasun, segurtasun eta elkarbizitza esparru bat eratzen laguntzekoa.

Aurrekoetan egin duen bezala, Eusko Jaurlaritzak dei egin nahi du bost minutuko elkarretaratzea egitera euskal erakunde guztien aurrean datorren asteazkenean eguerdiko 12:00etan.

Izuaren xantaiaren aurrean zutik jarraitzea erabaki dugula erakutsiko dugu. Esanahi gizatiarra eta nahitaezko koherentzia etikoa duen erantzuna izango da.

Adierazi nahi dugu batera gaudela biktimekiko elkartasunean eta giza duintasunarekiko konpromiso utziezinean eta horrek terrorismoaren indarkeria erabiltzea gaitzesteko jarrera argia dakarrela berekin.

Aldi berean ezinbestekoa da gure konpromiso demokratikoa balio demokratikoekin eta humanismoaren balioekin, Europako proiektuak irudikatu eta atentatu hauek eraso nahi dituzten balio horiekin.

Eusko Jaurlaritzak garrantzi eta esanahi hori eman nahi dizkie elkarretaratzeari eta izuaren aurrean tinko eusteko eta bizikidetza eta nazioarteko harremanak demokrazian eraikitzeko borondateari.