Orioko etxebizitza hutsek doble ordainduko dute aurten Ondasun Higiezinen Zerga

Orioko Udalak «Orioko etxebizitzaren eta gazteen emantzipazio-eskariei eta premiei buruzko diagnostikoa» landu zuen iaz Ikertalderen laguntzarekin (GukOriori atarian dago txostena ikusgai). Diagnostiko hori baliagarri izan da zenbait erabaki hartzeko eta, esaterako, etxebizitza hutsen errekargua handitzea erabaki du Udalak, etxebizitza horiek merkatura ateratzea bultzatzeko.

2025eko ordenantza fiskaletan etxebizitza hutsen errekargua %50etik %100era igo du Udalak. Hau da, hutsik dauden etxebizitzek doble ordainduko dute Ondasun Higiezinen Zerga, bizitzeko erabiltzen diren etxebizitzekin alderatuz.

2024an etxebizitza hutsen errekargua 198 etxebizitzei aplikatu zitzaien, eta Udalak aurreikusten du aurtengo kopurua ere antzekoa izango dela. Udalaren helburua etxebitzitza huts horiek merkatura ateratzea da, Orion etxebizitza eskuratzeko dagoen arazoa nolabait arintzeko.

Etxebizitzak errentan jartzeko gonbita

Udalak identifikatuta dauzkan etxebizitza hutsen jabeei gutun bana bidaliko die apirilaren bukaera baino lehen, zerga-igoeraren zergatia azalduz. Gutun horretan gonbita egingo die hutsik daukaten etxebizitza errentan jar dezaten eta, hartara, beren aletxoa gehitu dezaten Orioko etxebizitza-arazoa arintzeko.

Gutunean, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Bizigune programari buruzko informazioa ere bidaliko die Udalak etxejabeei. Bizigune programaren helburua hutsik dauden etxebizitzak alokairu babestuaren bidez merkaturatzea da etxejabeari bermeak emanez. Hartara, erabilera soziala eman nahi zaie hutsik dauden etxebizitzei. Helburua da beren baliabide ekonomikoekin merkatu librean sartu ezin duten pertsonei aukera ematea etxebizitza duin bat eskuratzeko arrazoizko prezioan.

Honela funtzionatzen du Bizigune programak: hutsik dagoen etxebizitzaren jabeak Eusko Jaurlaritzaren Alokabide sozietate publikoaren esku uzten du bere etxebizitza, usufruktu-kontratu baten bidez eta berme jakin batzuekin, besteak beste, errenta jakin bat kobratzea hilean behin kontratuak irauten duen bitartean, eta etxebizitza egoera onean itzuliko zaizun bermea. Ondoren, Etxebiden izena emanda daukan eskatzaile bati adjudikatuko dio etxebizitza eta eskatzaileak bere diru-sarreren araberako alokairua ordainduko dio Alokabideri.

Informazio gehiago, hemen.