1939ko Kontxako Banderari buruzko prentsaurrekoa izan da gaur Donostian

Honako testu hau irakurri dute gaur goizean 10:00etan Donsotiako Pase Berriko Oteizaren eskulturara hurbildu diren hainbat oriotarrek.

 

Gaur eta hemen jendeaurrean agertzen garenon borondatea ez da bihar jokatuko den Donostiako estropadaren bigarren jardunaldiari oihartzuna eta protagonismoa kentzea. Ezta gutxiagorik ere. Gaur eta hemen jendeaurrean gaude, beste erremediorik izan ez dugulako.

 

Donostiako Udalaren menpe dagoen Donostia Festak erakundeak antolatzen ditu Donostiako estropadak. Abuztuaren 26an euren weborrian,  jarritako idatzi baten bitartez jakin genuen 1939an Donostiako badian jokatutako traineru estropada palmares ofizialetik kanpora utzi dutela.

Lehenik eta behin, moduak salatu nahi ditugu. Ez zaigu itxurazkoa iruditzen weborrian jarritako agiri batez jakitea oriotarrok 1939ko arraun estropada baliogabetzen dela. Are gutxiago, duela hilabete batzuk bandera josteko agindua eman zitzaienean jostunei, eta hauek bazekitenean aurtengo edizioa 120. a izango zela, iazkoa bezala. Gure ustez, ez da egokia duela 100 urte baino gehiagotik Donostiara arraun egitera, arrauna ikustera eta arrauna bizitzera etorri den herri bati, Oriori kasu honetan, horrelako garrantzia duen zerbait modu horretan jakinaraztea.

 

Zergatik hartu da erabaki hau? Eta zergatik hartu da orain? Ez dakigu oraindik. Ez dakigu  inork argitu ez digulako zergatik erabaki den 77 urte baino gehiagotan palmares ofizialean egon den edizio bat baliogabetzea, orain, Donostiako Estropadak jokatu atarian. Ez zaigu inor zuzendu arrazoiak ematera. Guk joan behar izan dugu argibide eske, eta emandako azalpen apurrek, ez dute urrundik ere,  gure jakin mina baretu. 1879an Donostiako Estropadak lehen aldiz jokatu zirenetik palmaresean agertzeko edo ez agertzeko zein irizpide erabiltzen diren ez dakigu.

 

Euskal Herriko eta Bizkaiko golkoko beste hainbat herri bezala, arrauna barru barrutik sentitzen duen herria da gurea, Orio. Donostiako Udalean orain hartu den erabaki honek, ordea, ez du Orioren aurka bakarrik jotzen. Gure iritziz, arrauna eta arraunlarien aurkako erasoa da. Arrauna ez da denbora pasa, festa edo kirol soila guretzat. Gure kulturaren zati da, zati garrantzitsu eta bizi-bizia gainera. Itsas herria gara, arraun herria, arrauna bere izaeraren erdi erdian sentitzen duena. Donostiako Estropadek asko eman diguten moduan, iruditzen zaigu guk ere asko eman diogula estropada honi. Besteak beste, gogoan dauzkagu 60 eta 70eko hamarkadatan, tostako arraunketa krisian zegoen garaian, Donostiako Udaletik nola deitzen zuten Oriora, Orioko trainerua Donostiako Estropadetara mesedez joateko eskatuz. Horrelako arrazoiengatik azalpenak nahi ditugu. Gertatu dena ezin dugu besterik gabe onartu.

 

Ez dugu uste 77 urtean palmaresean egon eta gero, 1939ko edizioko estropada bertan behera uzteko arrazoirik dagoenik. Baina arrazoiz kargatu nahi dugu, Historiaz, historiografiaz eta arrazoi historikoez hitz egiten ari baikara. Jakitun gara gai hauek aztertzeko patxada eta denbora behar dela eta auzi hauek ezin direla korrika eta presaka jorratu. Denbora, ikerketa, analisia eta azterketa eskatzen dute gai hauek. Eta hain zuzen ere, horixe hartuko dugu, denbora eta pulamentua gai honi behar duen garrantziaz heltzeko. Arrazoiz kargatu nahi dugu 1939an gure aurreko arraunlari oriotarrek uretan irabazi zutena defendatzeko. Horregatik denbora epe bat zabaldu nahi dugu estropada hari eta beste askori buruz ikertzeko eta hartu behar diren neurri guztiak proposatzeko, edizio hura palmaresera itzuli dadin.