Urola Kostako Udal Elkarteak hondakinak gaika biltzeko zerbitzuak kudeatzen ditu (papera, ontzi arinak, beira, biohondakinak, arropa…), baina errefusa ez, izan ere errefusa jasotzeko zerbitzua udalek kudeatzen dute (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiak, bakoitzak bere zerbitzua).
Hori, ordea, aldatzera doa, izan ere, 2016ko abenduaren 1eko bilkuran Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak aho batez onartu baitu zabor bilketa zerbitzua mankomunatzeko akordioa. Akordio horren arabera, bost udalerrietako etxeko hondakinak (errefusa barne) Udal Elkarteak jaso eta kudeatuko ditu.
Akordio horrek, zabor bilketa zerbitzu osoa Udal Elkartetik kudeatzea onartzeaz gain, hondakinak gaika biltzeko zerbitzu berriaren oinarriak onartu eta zehaztu ditu.
Gaur aurkeztu da akordioa
Gaur, abenduak 13, Udal Elkarteak agerraldia egin du eskualdeko komunikabideen aurrean akordio horren berri emateko (ikusi argazkia). Agerraldian izan dira:
- Igor Iturain, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria
- Mikel Goenaga, Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide eta Zarauzko Udaleko EH Bilduko zinegotzia
- Jesus Arana, Udal Elkarteko lehendakariorde eta Zarauzko Udaleko EAJko zinegotzia
- Ana de Benito, Zarauzko Udaleko Irabazi taldeko zinegotzia
- Gloria Vazquez, Zarauzko Udaleko PSEko zinegotzia
Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek adierazi du akordioa lortu dela udalek eta alderdi guztiek akordiorako jarrera argia erakutsi dutelako. Era berean, gaineratu du akordioarekin bat egin dutela Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordean ordezkaritza duten alderdi guztiek (EAJ, EH Bildu eta PSEk) eta ordezkaritzarik ez duten Zarautz Irabazi eta Orioko Orain Plataformak. Guztiei eskerrak eman dizkie. Horrekin batera, bereziki eskerrak eman dizkie Udal Elkarteko Ingurumen Saileko teknikariei, sistema berriaren lanketa tekniko zehatz eta egokia egin dutelako.
Akordioa laburbilduta: sistema nolakoa
- Etxeko hondakinen bilketa: bost edukiontzi bidezko bilketa: errefusa, organikoa, papera-kartoia, ontzi arinak eta beira. Errefusa eta organikoaren edukiontziek erabilera mugatua izango dute, hau da, txip baten bidez irekiko dira. Beste edukiontzien kasuan, gaur egungo sistemarekin jarraituko dugu.
- Komertzioak eta ostalaritza: sortzaile handi eta ertainei gaikako bilketa zerbitzua eskainiko zaie, puntuz puntu, honako frakzioak jasotzeko: organikoa, papera-kartoia eta errefusa. Komertzioei astean sei egunez eskainiko zaie zerbitzua eta ostalariei zazpi egunez.
- Enpresak: industrialdeetan puntuz puntu bilduko dira honako frakzioak: organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia eta plastiko filma/poliespana. Jantokia duten enpresei hondakin organikoen sortzaile handiei aplikatzen zaien puntuz puntuko bilketa aplikatuko zaie.
- Landa eremuari dagokionez, ekarpen gune berriak sortuko dira edukiontzi guztiekin.
- Bilketa sistema berri honek gutxieneko bilketa tasak hauek lortzeko bide izan behar du, urtez urte honela banatuta: 2018an %60, 2019an %60-70; eta 2020an %70-75.
- Hondakinak gaika bereiztu eta sailkatzea betebehar bat da herritar ororentzat.
- Sistema berria ezartzeko lanak egiteko, informazioa zabaltzeko eta sentsibilizazio kanpainak burutzeko, lau hezitzaile kontratatzea aurreikusten da: bi 2017ko ekainean kontratatuko lirateke eta beste biak 2017ko irailean. Hezitzaile horien lan eta eginkizuna izango da, besteak beste, herritarrak sentsibilizatzea, gune “ilunak” identifikatzea eta erabiltzaileei zuzenean ohartarazpenak egitea.
- Zerbitzu berria 2018ko urtarrilaren 1ean martxan jartzea aurreikusten da.
Azterketa teknikoa
Udal Elkarteko Ingurumen Sailak landu du sistema berriaren azterketa teknikoa. 2015eko abenduan hasi eta azterketaren lehen atala, gaur egungo sistemaren egoera zehatz mehatz jasotzen duena, 2016ko uztailean aurkeztu zion Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeari. Bigarren zatia, sistema berriaren proposamena, 2016ko urrian. Horrez gain, urria eta azaroan zehar Udal Elkarteko eta udaletako (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) teknikari eta politikoek hainbat bilera eta lan-saio egin dituzte, sistema berriaren xehetasunak aztertu eta akordioa lantzeko.
Proiektuaren abantailak
Zabor bilketa zerbitzua mankomunatzeak eta hondakinak biltzeko ezarriko den sistemak abantaila nagusi hauek ditu:
- Zabor bilketa osorik mankomunatzearekin (gaikako bilketak eta errefusa Udal Elkarteak kudeatzearekin) baliabideak optimizatuko dira eta zerbitzu bera eskainiko da eskualde osoan.
- Hondakinak gaika biltzeko indizea igotzea lortuko da, gaur egungo %40tik %75-80ra.
- Errefusa gutxitzearekin tratamendu kostuak murriztu egingo dira.
- Herritarrek eskura izango dituzte edukiontzi guztiak egunero, 24 orduz.
- Zerbitzu hobea eskainiko zaie merkatari, ostalari eta enpresei (frakzio gehiago eta puntuz puntu).
- Landa eremuan birziklatzeko aukera handiagoa izango da.
- Behar diren baliabideak jarriko dira herritarrei behar den informazio eta laguntza emateko eta, horren bidez, elkarrekin, proiektuaren helburu nagusia lortzeko, hondakinen %75-80 gaika biltzea, gero birziklatu ahal izateko.
Hurrengo urratsak
Akordio hori gauzatzeko Udal Elkartearen Estatutuak aldatu behar dira. Aldaketa horri hasiera emango zaio 2016-12-15eko Batzar Nagusiaren bilkuran.
Horrekin batera, Udal Elkartea eta udalak lanean ari dira zerbitzu mankomunatua eskaintzeko kontratuaren baldintzak prestatzen. Kontratu hori 2017ko uda aurretik adjudikatzea da helburua, zerbitzu berria 2018ko urtarrilaren 1ean martxan jartzeko.