Iñake Irastorza oriotarra eta Ane Gabarain donostiarra protagonista dituen Bi izarren kalenturak antzezlana ikusteko aukera izango da Orioko kultur etxean apirilaren 28an, ostiralarekin.
Sarrera 5 eurotan
Emanaldia 22:30ean hasiko da eta sarrerak 5 euro balio du.
Kultur etxeko aretoaren aforoa mugatua denez, 100 txartel jarriko dira salgai eta, beraz, antzezlana ikusi nahi dutenek hobe dute garaiz ibili eta sarrerak aldez aurretik hartzea. Astelehenetik aurrera eros daitezke, kultur etxera joanda.
Antzerkiaren munduari buruzko satira umoretsua
Bi izarren kalenturak antzezlana bidea egiten ari da Euskal Herriko antzokietan, eta harrera ona izan du aurkeztu den tokietan.
Lehen entsegu-eguna da eta antzokia huts-hutsik dago. Bertan bi emakumek egingo dute berriro topo aspaldiko partez: Hortentsia, maila handiko aktore ezaguna eta Gertrudis, idazle famatua, dramagilea eta antzerki zuzendaria. Berehala hasiko dira bien arteko desberdintasunak agerian jartzen, guztiz irizpide kontrajarriak dituzte-eta entseguei buruz eta antzezlanak hartu behar duen bideari buruz.
Bi izarren kalenturak antzezlana bi emakumeren arteko maitasun/ gorroto sentimenduen talka eta norgehiagokaren kontaketa da, komedia klabean. Antzerki munduari buruzko satira umoretsu eta ozpindu honek komedia onenaren Molière saria jaso zuen 2003an bere jatorrizko bertsioan, frantsesez (Jeux de scène), eta Victor Haïm egileak autore onenaren saria irabazi zuen. Txalo konpainiak iaz prestatu zuen antzezlanaren euskarazko bertsioa.