“Ekiten, Ekintzaile eta Enpresarien Ekosistema” eta ‘Enpresa Euskaraz Handitzen’ egitasmoak uztartuz, ekintzaileei bideratutako euskarazko saioak prestatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Saio horietan eskualdeko ekintzaileek hizkuntzak hobeto kudeatzeko ezagutza teoriko-praktikoak bereganatuko dituzte.
Apirilaren 9an, euskaraz; eta 16an, gaztelaniaz
Bi saio egingo dira: apirilaren 9an, euskaraz, eta apirilaren 16an gaztelaniaz. Ordu eta erdiko saioak izango dira, 13:30etik 15:00etara.
Udal Elkarteak antolatu dituen saio hauen bidez, enpresa aurreratua izateko aukerak identifikatu, eta hizkuntzen kudeaketa hobetzeko erremintak erabiltzeko gaitasuna lortu ahal izango dute parte-hartzaileek.
Euskara, zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza
Ikastaroaren helburua da. zerbitzu-hizkuntzaren eta lan-hizkuntzaren garrantzia azpimarratzeaz gain, ekintzaileak konturatzea hizkuntzen kudeaketa eraginkor batek ekarpen handia egin diezaiokeela beren proiektuari. Saioetan, alderdi teorikoa ezagutzeaz gain, adibideak eta irtenbide zehatzak planteatuko zaizkie.
Izen-ematea eta informazioa
Saioetan parte hartzeko interesa duten Urola Kosta bailarako enpresa txikiek eta ekintzaileek dagoeneko eman dezakete izena Udal Elkartearen webguneko formularioa beteta:
http://www.urolakosta.eus/eu/euskara-enpresan
Informazio gehiago ere eskatu dezakete handitzen@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzita edota telefonoz, 943 890 808 zenbakira deituta.