Datorren larunbatean, uztailak 6, Xabier Lizaso eta German Ormazabal piano-jotzaileek eta Andoni Egaña bertsolariak “Eta… zer gehiago?” proiektu musikala aurkeztuko dute Arraunetxen, 22:00etan. Sarrera doan izango da.
Musika, hitza eta bertsoa
Bi piano-jotzaile eta bertsolari/idazle bat elkartu dira proiektu berri honi ekiteko. Lehendik elkarrekin lan eginak ziren, baina inoiz ez bi piano aldi berean oholtzan direla. Hori da emanaldiaren berezitasunetako bat. Bi pianoetan joko dituzten obrek berezko pisu eta esanahia dute. Pianoaren musika baliatuko dute, bestalde, istorio bat kontatzeko, hitzez eta bertsoz. Hori izango da Andoni Egañaren eginkizuna.
Bizitzaren bidegurutzeak
Hamazazpi- hemezortzi urterekin askok eta askok erabaki beharreko bidegurutze bat izaten dute aurrean: ikasten segi edo ez; ze bide hartu… Hamazazpi-hemezortzi urterekin Xabier Lizasok eta German Ormazabalek ere izan zuten erabaki behar hori. Eta eskolan ikasketa-arduradunak zer ikasi behar zuten galdetu zienean, biek erantzun bera eman zuten: pianoa. Orduan, eskolan, etxean, kalean… pianoa ikasi behar zenuela esaten bazenuen hurrengo galdera segurua izaten zen: “Eta… zer gehiago?”.
Bi bide desberdin hartu zituzten garai hartan Xabierrek eta Germanek. “Pianoa bakarrik!” tematu zen Xabier. German, ez. Baina bizitzak berriz topo egitera ekarri ditu. Bi bide. Bi musikari. Bi piano. Bi zitza…
Aukeratu beharra ez da ordea hamazazpi-hemezortzi urterekin eta ikasketa kontuetan bakarrik gertatzen. Beste mila gairen aurrean lana, familia, harreman pertsonalak, bizilekua… eta bizitzaren edozein unetan izaten da bide bat edo bestea hartu beharraren askatasuna eta mina. Horretaz ariko dira larunbatean Xabier, German eta Andoni.