Bi egunetan izango dira estropadak:
- Larunbatean, uztailak 20, Orioko 29. estropadak jokatuko dira. Euskotren ligako estropada jokatuko dute neskek, 18:00etan hasita: 7. ORIO KANPINA bandera. Ondoren, 18:30ean, Eusko Label ligako estropada jokatuko dute mutilek: ORIOKO 29. ESTROPADAK. 7. ORIO KANPINA bandera.
- Igandean, berriz, uztailak 21, nesken ETE ligako eta mutilen KAE2 ligako estropadak jokatuko dira arratsaldez, 18:00etan hasita.
Pantaila erraldoia plazan
Larunbatean aisialdi-gune bana instalatuko da Herriko Plazan eta errioaren bestaldeko espigoiaren inguruan. Gune horietan Eusko Labeleko produktuak jateko eta edateko aukera izango dute bertaratzen direnek eta, horrez gain, pantaila erraldoia jarriko da plazan, estropada bertan ikusi ahal izateko. Guneetan babesleen postuak ere izango dira.
Aurkezpena kanpinean
Estropaden aurkezpena udal-kanpinean egin zuten asteazken eguerdian Orioko Udalaren eta arraun-elkartearen ordezkariek.
Estropada-eremua iazko bera izango da: Orioko kanpoko barraren aurretik abiatu eta Mollarri aldera. Arraun Elkarteko presidente Ibon Huegunek esan zuenez, iaz asmatu egin zuten estropada erriotik itsasora eramanda, eta aurten errepikatu egin nahi izan dute, balorazio ona egin zuten-eta.
Arraunarekin gozatuz
Anuska Esnal alkateak nabarmendu zuen aurten gozatu handia hartzen ari direla oriotarrak herriko arraunlariekin, denboraldi-hasiera bikaina egin dute-eta bai neskek eta bai mutilek: “Errezibimenduak antolatzen lan handiak hartu behar izan ditugu, baina hori oso eginkizun ederra da, eta esker onekoa. Eskerrak eman nahi dizkiet, benetan, antolamendutan laguntzen duten herritar guztiei eta, bereziki, txaranga osatzen duten guztiei.”
KARKARAk utzitako argazkia