Abuztuaren 3an, larunbatarekin, izango da Donostiako Klasikoa txirrindulari-lasterketa eta horrek zenbait aldaketa eragingo ditu ibilgailuen zirkulazioan, Orion.
Bi lasterketa dira, emakumeena eta gizasemeena, eta biak pasatuko dira Oriotik egunean zehar.
Aldaketak zirkulazioan
Aldaketa hauek dira herritarrek kontuan hartu behar dituztenak:
- Benta bidea itxita izango da ibilgailu guztientzat 11:00etatik 17:00etara. Bertan bizi direnei bakarrik utziko zaie pasatzen, momentu jakinetan.
- N-634 errepidea Donostia aldera: itxita izango da 11:30etik 13:30era eta 16:00etatik 17:00etara.
- N-634 errepidea Zarautz aldera: 11:30ean itxiko da eta, behin gizasemeen lasterketa pasatu ondoren, 13:00ak aldera, berriro irekiko da.
- Txanka-hondartza bidea: autopistara sartzeko aukera izango da goizeko momentu batzuetan, baina ezin da ziur esan noiz, lasterketaren baitan dago-eta. Arratsaldez, berriz, itxita egongo da 16:00etatik 17:00etara.
- Goiko Kaleko semaforoa: Egun horretan Udalak desaktibatu egingo du Goiko Kaleko semaforoa, herritarrek handik barrena Zarauzko bidea hartu ahal izateko. 17:30etik aurrera aktibatuko da semaforoa berriro.
- Plaza ingurua: Herriko sartu-irteerak errazteko, plaza ez da peatonalizatuko lasterketa bukatu arte. Beraz, herriko irteera kaitik barrena izango da, egun normaletan bezala, 17:30ak arte.
Udaltzaingoaren gomendioak
Udaltzaingoak gomendio hauek egiten dizkie herritarrei:
- Onena, egun horretan autorik ez erabiltzea.
- Goizean autoan mugitu behar izanez gero, 11:30ak baino lehenago atera herritik eta Zarauzko bidea hartu, gero handik edozein norabide hartu ahal izateko.
- Arratsaldean autoan mugitu behar izanez gero, behin 13:00etatik aurrera irekita izango da bidea Zarautz aldera eta hori hartu behar da, gero handik edozein norabide hartu ahal izateko.