Elkarteak bilera irekia antolatu du Salatxo aretoan irailaren 10ean, 18:30ean. 55 urtetik gorako 200 boluntario behar ditu, gai hau aztertzeko: musikaren eragina zahartze aktiboan.
Zahartze aktiboa eta musika
Xabier Lizaso musikari oriotarrak zuzentzen duen Do re ni elkarteak ikerketa zientifiko bat egin nahi du, musikak zahartze aktiboan daukan edo eduki dezakeen eragina modu fidagarrian neurtzeko.
Ikerketa hori egiteko, elkartea harremanetan dago Osakidetzarekin eta Donostiako BCBLko zientzialariekin (Basque Center of Cognition, Brain and Language). Datorren astearteko bileran azalduko dute zer eta nola ikertu nahi duten, eta deialdia egiten diete 55 urtetik gorako oriotar guztiei, bertara azaltzeko eta ikerketa horretan boluntario gisa parte hartzeko.
Udalak eta Udal Elkarteak babestuta
Proiektua azaltzeko, bileran izango dira bultzatzaile nagusiak eta, baita ere, Udal Elkarteko eta Orioko Udaleko ordezkariak:
- Xabier Lizaso musikaria
- Jose Manuel Lopez Bragado, Osakidetzakoa
- Nicola Molinaro, BCBLko zientzialaria
- Josean San Miguel, ikerketa-taldeko konpositorea
- Juan Kruz Igerabide, ikerketa-taldeko idazlea
- Igor Iturain, Urola Kosta Udal Elkarteko burua
- Anuska Esnal, Orioko alkatea