«Benito Lertxundi naiz» liburua aurkeztu dute gaur Orioko Udalak eta Denonartean argitaletxeak

Udalbatzarraren aretoan egin dute aurkezpena, 12:00etan, eta bertan izan dira egilea, argitaletxearen ordezkaria eta Udalaren ordezkariak: alkatea eta kultur zinegotzia. Benito Lertxundi ere etortzekoa zen, baina ezin izan du.

Udalaren izenean, Xabier Ibarguren kultur zinegotziak hartu du hitza eta, besteak beste, hau adierazi du: «Oriok Euskal Herriari eman dion kultur ondare aktibo garrantzitsuena da Benito Lertxundi eta ez du aurkezpenik behar Euskal Herrian. Herriko belaunaldi askorengan modu askotara eragin du eta, horrez gain, Orioko herriaren izena lau haizetara zabaldu duen kultur eragilea da. Hori dela eta, Udalean argi ikusi dugu biografia honek Orioko haur eta gazteen eskuetara iritsi behar zuela, herriko kulturgintzaren transmisioan eragin nahi badugu behintzat».

Antton Kazabon eta Ainhoa Redondo, egileak

Liburua Denonartean argitaletxeak argitaratu du eta Orioko Udalak babestu du. Benito Lertxundiren bizitzako pasarteak jasotzen ditu, alde batetik, eta herri-kanta bihurtu diren hainbat kantaren letrak ere bai: «Loretxoa», «Bizkaia Maite», «Oi ama Eskual Herria!», «Baldorba», eta «Balearen bertsoak». Haurrei zuzendutako liburua da. Antton Kazabonek idatzi du eta Ainhoa Redondo ilustratzaileak egin ditu irudiak.

200 ale erosi ditu Udalak

Orioko Udalak liburuaren 200 ale erosi ditu eta herriko ikastetxeetara bideratuko ditu, belaunaldi berrietan kultur transmisioa lantzeko. Bestalde, aurten jaio diren haurrei San Nikolas jaietan egingo zaien harrera-ekitaldi edo «atsolorrean» ere, urteroko zapiaz gain, liburuaren ale bana oparituko zaio haur bakoitzari.

benitoliburuaurkezpena19