Itzultzaile automatiko esperimentala txertatu du Orioko Udalak orio.eus webgunean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren babespean, hizkuntza-teknologiak baliatuz euskararen erabilera sustatu eta errazteko. Itzultzaile automatikoak aukera emango die erabiltzaileei Udalak euskaraz sortutako mezuak gaztelaniaz ere irakurri ahal izateko eta, aldi berean, tresna egokia izango da Udalak segitu dezan euskaraz funtzionatzen eta aurrerapausoak eman ditzan bide horretan sakontzeko.
Orioko Udalak eta Elhuyarrek landu dute proiektu berritzailea, Foru Aldundiarekin elkarlanean, hizkuntza-teknologia berriak udaletan nola txertatu daitezkeen probatzeko. Gaur egun garatzen ari diren hizkuntza-teknologiak oso baliagarriak izan daitezke euskararen erabilera sustatzeko eta, proiektu pilotu honen bidez, probatu egin nahi dituzte Udalak, Elhuyarrek eta Aldundiak.
Itzultzaile automatikoa webgunean
Proiektuaren lehen urratsa eman berri du Udalak eta honako aldaketa egin du orio.eus webgunean, hizkuntzen trataerari dagokionez: Udalak euskaraz sortutako eduki berriak (albisteak eta agendako hitzorduak), gaztelaniaz ere irakurri ahal izango dituzte erabiltzaileek aurrerantzean, Elhuyarren itzultzaile automatikoaren laguntzarekin. Nahikoa da botoi baten gainean klik egitea euskarazko edukia gaztelaniaz irakurri ahal izateko. Itzulpena momentuan sortzen du itzultzaile automatikoak eta, oraindik akats txiki batzuk egiten baditu ere, guztiz baliagarria da albistea ulertzeko.
Tresna honi esker, Udalak aukera dauka albisteak euskara hutsez argitaratzeko, euskaraz ez dakiten herritarrak aintzat hartuta.
UdalHiztek proiektua
Webgunean egindako aldaketa proiektu handiago baten barruan dago; izan ere, Elhuyar eta Orioko Udala proiektu berritzaile eta esperimental batean murgilduta daude irailetik: UdalHiztek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz-GipuzkoaLab programak lagundutako proiektua da, eta, haren barruan, hainbat egitasmo jarriko dituzte martxan Elhuyarrek eta Orioko Udalak urtebeteko epean. Euskararen erabilera sustatzeko sortutakoak izango dira guztiak, Udal barruko komunikazioak nahiz herritarrekikoak landuz. Behin fase pilotua amaituta, proiektu honetan sortutako tresnak eta jasotako ondorioak gainontzeko udalerrientzat eskuragarri egongo dira, Etorkizuna Eraikizen logika esperimentalari eutsiz.
Gaur egun, hizkuntza-teknologiek aukera handiak ematen dizkigute euskararen erabilera sustatzeko eta komunikazio-kanaletan eragiteko, horrekin batera, beste hizkuntza batzuk ere aintzat hartuz. Horri etekina ateratzea da UdalHiztek proiektuaren helburuetako bat, eta webgunean itzultzaile automatikoa txertatzea da horren adibide. Lan hau, zehazki, orio.eus webgunea garatu duen Elkarmedia enpresaren laguntzarekin egin da.
Toki-erakundeetan hizkuntzen erabilera arautzeko dekretua
Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen “Toki-erakundeetan bi hizkuntza ofizialen ahozko zein idatzizko erabilera arautuko duen dekretuak” aukera berriak zabaltzen ditu, euskararen erabileran aurrerapauso sendoak emateko.
Dekretu horren arabera, udal bakoitzak erabaki eta azaldu beharko du barne-harremanetan eta harreman publikoetan nola antolatuko duen euskararen eta gaztelaniaren erabilera, eta bidea emango du hizkuntzen erabilera errealitate soziolinguistikoaren arabera arautzeko. Beraz, Udalak guztiz euskaraz lan egiteko aukera zabaltzen du, dekretuaren helburuen artean baitago euskara lan-hizkuntza eta erakundeen arteko harremanetarako hizkuntza bilakatzea, itzulpenaren erabilera arrazionalizatuz.