Aranzadi elkarteak, Udalak eta Herritarren Foroak Orioko memoria historikoa eta gertuko memoria lantzeko abian jarri duten egitasmoaren barruan, bi hitzaldi antolatu dituzte eta atzo izan zen bigarrena. «Biktimen politikak: azterketa kritikoa. Memoria orohartzaile baterantz» izenburua zuen eta bertan Jon Landa EHUko Zuzenbide Penaleko katedradunak gogoeta interesgarriak egin zituen biktimen inguruko politikei buruz, legeriari buruz eta aitortzaren garrantziaz.
Memoriaren Bulegoa urriaren 21ean zabalduko da
Aranzadik eta Orioko Udaloak informazioa eta jendearen bizipenak jaso nahi dituzte, gerra zibilaren garaian hasi eta gaur egun arte Orion izan diren giza eskubideen urraketei buruz. Horretarako, bulego bat jarriko du Aranzadik kultur etxean, urriko eta azaroko lau asteazken hauetan:
- Urriak 21
- Urriak 28
- Azaroak 4
- Azaroak 11
Bulegoa irekita izango da egun horietan 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Aranzadi elkarteak eta Udalak herritarrei eskatzen diete hara azaltzeko eta beren lekukotzak, argazkiak, eskutitzak eta izan ditzaketen bestelako objektuak eramateko, behar-beharrezkoak izango dira-eta herrian gertatu diren giza eskubideen urraketak jaso eta dokumentatzeko.
Telefonoz edo emailez ere kontaktatu ahal izango dute herritarrek Memoriaren Bulegoarekin:
- 943 466 142
- memoria@aranzadi.eus