Beste gauza asko bezala, aurten desberdina izango da Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera Oriora. Pandemia-egoeragatik bilera jendetsurik egin ezin denez, aurten beste modu batera antolatu behar izan du Lera taldeak urteroko ekitaldia.
Haurrek Mari Domingiri eta Olentzerori bidalitako gutunak jasotzeko, otarrak jarri dituzte dagoeneko Lera taldeko sorginek herriko sei toki hauetan:
- Kaiua taberna (Anibarko portua)
- Rosana argazki-denda
- Bordatxo taberna
- Gozategi fruta-denda
- Iparragirre Coviran denda
- Goxoki kafetegia
Haurrek sei toki horietako batean utzi ditzakete beren gutunak eta, gero, Lera taldeko sorginek jasoko dituzte, Mari Domingiri eta Olentzerori emateko.
Hala nahiago duenak e-mailez ere idatzi dezake gutuna, helbide honetara mezua bidaliz: leragabonak@gmail.com
Bideoa sare sozialetan
Lera taldeak, horrez gain, bideo bat prestatu du sare sozialetan banatzeko, dagoeneko telefonoz telefono dabilena. Bertan azaltzen dute aurten nola antolatu duten Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera «birtuala». Bideoa Miriam Garcia oriotarrak egin du, Lera taldeak eskatuta.