Datorren asteazkenean, maiatzak 11, Orioko itsas ondareari buruzko laugarren hitzaldia antolatu du Udalak. Arraunetxen izango da, 19:00etan hasita, eta Estibaliz Diaz Biologian doktore eta ikertzaileak gidatuko du saioa.
«Zer dute komunean Aristotelesek, Freudek eta Kalsbergek? Ibaietako suge itxurako arrain bereziaren, aingiraren, jatorria ezagutu nahi zutela», dio Diazek.
Gaur egun, haiek baino zerbait gehiago dakigu espezie zoragarri honen inguruan, baina hala ere, badaude misterioak argitzeke. Sargazoen Itsasoan jaiotzen direla ondorioztatu da, baina ez da haien ugalketa dokumentatu, eta inork ez du aurkitu aingira europarraren arrautzarik.
AZTIko ikertzaileak argitzeke dauden misterioetan jarriko du arreta, eta aingira europarraren egoera delikatua eta hura berreskuratzeko egiten ari diren lanak izango ditu hizpide maiatzaren 11n, 19:00etan.