Balearen Eguna prestatzeko lanak abiatu ditu Udalak

Datorren maiatzaren 14an, larunbatarekin, Balearen Eguna ospatuko da herrian. Aurtengoa berezia izango da, eta egitaraua prestatzeko, bilera irekia deitu dute Udaleko Kultura sailetik. Martxoaren 30ean, asteazkenarekin, egingo dute, 19:30ean Salatxo aretoan, eta herriko eragile eta elkarteei luzatu diete deialdia, herria festa-giroan murgiltzeko.

Horrez gain, Balearen Eguneko kartela osatzeko, kartel-lehiaketa antolatuko da aurrenekoz. Gaur, martxoaren 24an, zabaldu da deialdia, eta lanak aurkezteko epea apirilaren 8ra arte izango da zabalik. Bi talde bereiziko dira: gaztetxoena, 18 urtetik beherakoentzat, eta helduena, 18 urtetik gorakoentzat.

Helduen taldeko irabazlearena izango da 2022ko Balearen Eguneko kartela, eta horrez gain, 300 euroko eta 100 euroko diru-sariak jasoko dituzte helduen eta gaztetxoen taldeetako irabazleek, hurrenez hurren.

Lehiaketaren oinarriak:

1.- Parte-hartzaileak.

1.1. Taldeak. Kartel-lehiaketaren parte-hartzaileak bi taldetan banatuko dira:

  • Helduen taldea: 18 urtetik gorakoak.
  • Gaztetxoen taldea: 18 urtez azpikoak.

2.- Lanaren ezaugarriak.

2.1. Formatua. Edozein kolore edo eratako lanak onartuko dira: argazkia, collagea, pintura, eta abar. Lanen neurriak honako hauek izan behar dute:

  • Helduen taldea: A3 neurriko formatu digitalizatu batean (PDF edo JPG formatuan, 300 ppp-ko bereizmenarekin) eta, hala nahi izanez gero, A3 neurriko euskarri fisikoan (62 x 88 cm-ko proportzioarekin).
  • Gaztetxoen taldea: A4 neurriko euskarri fisikoan (21 x 29,7 cm-ko orrialdean)

Formatuak, nahitaez, bertikala izan behar du.

2.2. Testua. Karteletan, derrigorrean azaldu beharko du Balearen Eguna 2022. Maiatzak 14 testuak, norberak egokien ikusten duen moduan. Gaztetxoen taldean, parte-hartzaileen adinaren arabera, salbuespena egingo da.

2.3. Originaltsuna. Lanak inoiz argitaratu gabeak izango dira.

3.- Aurkezpena.

3.1. Lanak aurkezteko bideak:

  • Bertsio digitalean: Posta elektronikoz kultura@orio.eus helbidera bidali. Gaia: Balearen Eguna. Kartel lehiaketa.
  • Bertsio fisikoan: Orioko Udaleko harreran, gutun-azal batean sartuta.

3.2. Epea. Lanak bidaltzeko azken eguna 2022ko APIRILAren 8a izango da, 12:00etan.

3.3. Egilearen datuak. Lanetan ez da egilearen daturik azalduko. Aparteko gutun-azal batean (bertsio fisikoan aurkeztuz gero) edo posta elektronikoari atxikitako PDF artxibo batean (emailez bidaliz gero), ondorengo datuak zehaztuko dira:

  • Egilearen izen-abizenak
  • Telefonoa
  • Posta elektronikoa
  • NAN zenbakia
  • Kategoria (Helduena ala Gaztetxoena)

4.- Sariak.

4.1. Kartela. Helduen taldeko irabazlearena izango da 2022ko Balearen Eguneko kartela.

4.2. Diru-sariak. Gainera, ondorengo diru-sariak banatuko dira:

  • Helduen taldeko irabazlearentzat: 300* €
  • Gaztetxoen taldeko irabazlearentzat: 100 €

*Sariei indarreko PFEZren kenketa egingo zaie.

4.3. Gutxieneko kalitatea. Saria eman gabe gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek gutxieneko kalitate-mailarik ez badute.

5.- Epaimahaia.

5.1. Osaketa. Epaimahaia Orioko Udalak izendatutako bi pertsonak osatuko dute, eta haiek arduratuko dira bi taldeetako lanen artean irabazlea hautatzeaz.

5.2. Epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: Originaltasuna, estetika, ekitaldiarekiko harremana, koloreen aukeraketa, sormena eta diseinua.

5.3. Irabazleak. Apirilaren 26an jakinaraziko dituzte irabazleak.

6.- Bestelakoak.

6.1. Saritutako lanak Udalaren esku geldituko dira eta, argitaratzeko, ezagutarazteko eta abarretarako eskubide guztiak izango ditu.

6.2. Oinarrien onarpena. Lehiaketara aurkezteak Oinarriak goitik behera onartzea dakar.