2022ko aurrekontu orokorra aho batez onartu du udalbatzarrak

Azaroaren 25eko udalbatzarraren ohiko bilkuran, 2022ko aurrekontu orokorra eta aurrekontuaren exekuzioari buruzko udal-araua onartu ziren aho batez. 8.452.749 euroko aurrekontua da, iazkoarekin alderatuta, ia 80.000 euro gehiago.

Anuska Esnal Orioko alkateak nabarmendu duenez, «Hirugarren urtez jarraian, aurrekontuak aho batez onartu ditugu. Baina emaitza ez ezik, Udalean ezarri dugun lan egiteko modua da pozgarria. Gardentasunez eta denon hitza kontuan hartuta jarduten ahalegintzen gara, eta, bidea ondo egiten denean, emaitzak pixkanaka etortzen dira».

Horrez gain, aurrekontuak garaiz onartu izanak, urte berriarekin batera proiektu eta egitasmoak martxan jartzeko aukera emango diela nabarmendu du. «Forman zein edukian bikainak diren aurrekontuak osatu ditugula uste dugu».

Nabarmentzekoak

Aurrekontuaren ia erdia langile-gastuetara bideratuta dago. Urtez urte indartzen joan den esparrua da, eta datorren urtera begira, modernizazio- eta berritasun-teknikaria batuko da Udalera, orain dela gutxi lanean hasi diren kirol- eta kultura teknikariekin batera. Gainera, Udaleko langileen lanpostuen balorazioa egiten ari dira, soldaten egokitzapena gauzatzeko.

Zerbitzuen alorrean, TAO zerbitzua kanpora aterako dute, eta udaltzainek ez dute ardura hori beren gain hartu beharko. Gainera, aurten indartu den sei laguneko brigadak bere horretan jarraituko du 2022an.

Ahalduntze Eskolari dagokionez, datorren urteko diru-sorta indartu egingo dute aurrez aurreko arreta zabaltzeko, komunikazio-estrategiak indartzeko, aholkularitza juridikoaren zerbitzua sendotzeko eta, pixkanaka bada ere, Etxe Morea sortzeko lehen urratsak egiteko. Gainera, aurkeztu berri duten Gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako II. diagnostikoa oinarri hartuta, Berdintasun Plana garatuko dute, orain arte egindako lanari zentzua emanez.

Eskualde mailan, gizarteratzeko arazoak dituzten herritarrei zuzendutako Negu Etxea martxan jartzeko lehen pausuak ematen ari dira, eta partida prest utzi dute Oriori dagokion ekarpena egin ahal izateko. Eta Albaolarekin elkarlanean, itsas-ondarea berritzeko lanak egingo dituzte Mutiozabalen eta Etxeluzen.

Gizarte-zerbitzuetan, bestalde, apustua indartu egin da urtez urte, eta 2022ko diru-partida ere handiagoa izango da, larrialdietarako dirulaguntzak sendotuz eta laguntza psikosoziala areagotuz, beharrezkoak diren psikologo eta hezitzaileen bidez.

Azkenik, erdigunetik at, begirada auzoguneetara zabaltzeko ahalegina egin dute, eta San Martin, Antxiola, Ortzaika eta Anibarko Portua auzoetarako hainbat egitasmo landuko dituzte. Hezkuntzan eragiten jarraitzeko asmoz, Zaragueta Herri Eskolan eta Haurreskolan jada abian diren egokitzapen-obrekin jarraituko dute, eta kirol-ekipamenduen inguruko diagnostikoa egitea aurreikusita dago, lehentasunak finkatu eta horietan eragiteko. Herri irisgarriago baten alde, Irisgarritasun Plan Berria osatzeko asmoa ere jaso dute aurrekontuan.

Indarkeria matxistari aurre eginez

Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako egunaren aldarrikapena bere eginez amaitu zuen saioa alkateak, eta emakume eta gizonen arteko berdintasunerako diagnostikoan jasotako hainbat adierazpen irakurri zituen. «Orio herri matxista da oraindik, eta horren aurrean, politika feministak lehenesten eta indarkeria matxista gaitzesten jarraituko dugu, aurrekontuek bistaratzen dutenez. Zoritxarrez, gure herrian ez gara aske bizi oraindik. Muxu bat Orioko emakume guztiei».