2023ko aurrekontua onartu du udalbatzarrak, aho batez

 

Udalbatzarrak ezohiko bilkura egin zuen atzo iluntzean, azaroak 30, eta bertan, Orioko Udalaren 2023ko aurrekontu orokorra eta aurrekontuaren exekuzioari buruzko udal-araua onartu ziren, aho batez. Aurrekontua 9.039.179 eurokoa da; iazkoarekin alderatuta, 586.430 euro gehiago.

Orioko alkate Anuska Esnalen hitzetan, «Pozik gaude laugarren urtez jarraian, aurrekontua aho batez eta garaiz onartu dugulako. Pozik gaude aurrekontuaren edukiagatik, noski, baina baita aurrekontua onartzeko moduagatik ere, zenbakiek baino garrantzia handiagoa duelako gauzen nolakotasunak».

Ondo baloratu du udal-batzordeetan egindako lana, gaiak osotasunen landu dituztelako eta etorkizuneko erronkak detektatzeko balio izan duelako. Udalean dauden lau alderdiek elkar entzuteko eta zubiak eraikitzeko erakutsi duten jarrera ere goraipatu du, Udala herriaren ispilua dela gogoratuz: «Gure arteko harremana aberatsa bada, herritarren artekoa ere halakoa izango da».

Horrez gain, nabarmendu du «herri berdinago, justuago» baten alde lanean jarraituko dutela 2023an, trantsizio energetikoa ere oinarri hartuta.

Nabarmentzeko puntuak

Iazkoarekin alderatuta, aurtengo aurrekontua % 7 handiagoa izango da. Gehikuntza hori egin ahal izateko, iturri nagusiak hiru izango dira: bereziki, foru-funtsa; bigarrenik, onartu berri diren ordenantza fiskalak; eta hirugarrenik, 2022an udal-kanpinak bildutako irabaziak.

Aurten bezala datorren urtean ere, aurrekontuaren % 40 langile-gastuetara bideratuko da. 2022ko partidarekin alderatuta, hain zuzen, % 4 handiagoa izango da. Hala, funtzio anitzetarako peoi bat eta digitalizazioan ariko den administraria kontratatuko ditu Udalak 2023an, eta Bulego Teknikoa indartzeko, arkitekto tekniko bat gehituko da taldera.

Era berean, Hezkuntzara bideratutako partida indartu egingo da, Hezkuntza Lege berriaren atarian, herritarren arteko kohesioa areagotzeko.

Funtzionamenduari eta zerbitzuei dagokienez, energiaren prezioaren gorakadak eragin zuzena izan du Udalean ere. Kirol-instalazioetan erronka handia ekarri du horrek, baita kale-garbiketan, lorezaintzan, Gaztelekuan eta Ludotekan ere. Eta horregatik, esfortzu berezia egingo du Udalak datozen hiletan.

Berdintasuna, euskara eta kirola

Genero-berdintasunari lotuta, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa prestatuko da 2023an, eta Ahalduntze Eskola egiten ari den errotze- eta zabaltze-prozesuaren baitan, Udalak apustu sendoa egin du epe motzean Iturriaga Jauregia Etxe Morea bihurtu dadin.

Horrez gain, Urola Kostan egindako neurketek agerian utzi dituzten datu kezkagarriei erantzuteko eta euskararen erabilera sustatzeko, Euslider proiektuan murgilduko da Udala buru-belarri, eta irakurleen kluba sustatuko du. Eta herriko Gizarte Zerbitzuek, ikastetxeek eta kirol-eragileek elkarlanean sortutako Txalupan programa ere aktibatuko da, herriko baliabideak herritar guztien eskura jartzeko.

Trafikoa eta azpiegiturak

Trafikoarekin lotura duten beste bi kontu ere azpimarratu ditu Esnalek: alde batetik, 2023ko udan Txu-txu tren berri bat izango da herrian, alokairu bidez kontratatuko dena. Eta bestetik, Aita Lertxundi kaleari bariante edo saihesbide izaera emateko proiektuarekin aurrera jarraitu ala ez erabakitzeko, auto-kopurua eta kutsadura akustikoa neurtzeko sistemak ezarriko dira; jasotako datuek erakutsiko dute kaleak izaera aldatzeko baldintzak betetzen ote dituen.

Kreditu globalean, azkenik, 125.000 euro gorde dira urtea amaitu aurretik ezarrita egongo den langileak egonkortzeko legea bete ahal izateko, eta inbertsioei lotuta, hainbat partida utzi dira zabalik, besteak beste, lan hauek egiteko: herriko irisgarritasuna hobetu, Alde Zaharreko lurra konpontzeko aukera aztertu, auto elektrikoentzako kargagailuak instalatu eta trantsizio energetikoari lotutako proiektuak gauzatu.

Saio osoa hemen dago ikusgai.