Ritxi Lizartzak eta Juan San Miguelek zuzendutako Ainarak dokumentala iazko azaroan estreinatu zuten zinemetan, eta urtarrilaren 22an, igandearekin, Orioko kultur etxean izango da ikusgai. Gainera, dokumentalaren gidari-anak egiten dituen Anne Etxegoien kantariak kantaldi txikia eskainiko du ondoren.
XIX. mende amaieran eta XX.aren lehen herenean Pirinioak zeharkatzen zituen emakumezkoen migrazioa du oinarri Ainarak dokumentalak. Zaraitzu, Erronkari, Anso eta Echo ibarretako milaka emakumek Maulera (Zuberoa) oinez egin zuten bidaia, espartingintzan lan egiteko. Emakumeak —askotan 12 urtetik beherakoak— familia eta herria atzean utzi eta lanera joaten ziren, diru pixka bat irabazteko. Egunean hamasei orduko lana egiten zuten sarri.
Urriaren 7an abiatzen ziren, Arrosario egunean, eta udaberriko elurrak urtu arte ez ziren itzultzen. Urtaroei lotutako migrazioa delako eta beltzez jantzita joaten zirelako esaten zitzaien ainara migratzaile haiei. Anne Etxegoienen eskutik, ainara gazte haien historia kontatzen du dokumentalak.
Proiekzioa eta kontzertua
Emanaldia 18:30ean hasiko da, eta proiekzioaren ondoren, Etchegoyenek kontzertu intimoa eskainiko du bertaratzen diren ikus-entzuleentzat. Sarrerak 5 euroan erosi daitezke online eta kultur etxean urtarrilaren 12ko arratsaldetik aurrera egongo dira eskuragai.