Aita Lertxundi kaleko semaforoen alboan kamerak jarriko dira, trafikoa neurtzeko

 

Orioko Udalak herriko saihesbidea eraikitzeko proiektua bultzatu nahi du, N-634 errepideak trafikoa handia izaten duelako, eta hori herrigunetik ateratzea lehentasunezkoa dela uste duelako. Herritarrengandik ere hainbatetan jaso da eskaera hori. Proiektua martxan jarri ahal izateko, Aita Lertxundi kaletik pasatzen den trafikoa neurtuko da eta, horretarako, kamerak jarriko dira datorren astean.

2010az geroztik geldituta dagoen egitasmoa da herriko saihesbidearena. Udalak hainbatetan egin du eskaera Gipuzkoako Foru Aldundian, baina handik jasotako erantzuna izan da proiektua ez dela premiazkoa. Horregatik, aurrera-urratsak egin ahal izateko, Aita Lertxundi kaletik pasatzen diren ibilgailuen azterketa egingo du Udalak orain, eta jasotako informazioa Aldundiari helaraziko dio.

Kamerak

Kamerak Aita Lertxundi kaleko 25. zenbakiaren pareko semaforoetan jarriko dira, irudian ikusten den bezala. Bi noranzkoetan egongo dira, eta hainbat aldagai neurtuko dituzte: ibilgailu-kopurua, ibilgailu-motak, ibilgailuen kutsadura-maila…

Apirilaren 24an instalatuko dira kamerak, astelehenarekin eta urtebetez edukitzea aurreikusi du Udalak.