2022ko ekainaren 1ean jarriko da indarrean TAO sistema berria, eta Aparkatzeko Udal Txartela eskatzeko epea datorren astelehenean zabalduko du Udalak ibilgailua Orion erroldatuta ez daukaten herritarrentzat. Eskaerak egiteko leihatila zabalduko du udaletxeko sarreran, beheko solairuan.
Orion erroldatutako ibilgailuek beti bezala jasoko dute etxean Aparkatzeko Udal Txartela, zirkulazio zerga helbideratuta baldin badute. Helbideratuta ez dutenek, berriz, udaletxera etorri beharko dute bila maiatzaren 18tik aurrera. Aparkatzeko Udal Txartelak ibilgailuaren matrikula izango du, eta ezingo da eskualdatu. Bi urte naturalerako balioko du aurrerantzean (aurtengoa, 2023ko abenduaren 31ra arte izango da indarrean) eta, epea amaitutakoan, automatikoki berrituko da, baldintzak betetzen badira.
Eskaera berriak
Ibilgailua Orion erroldatuta ez dutenek*, berriz, astelehenetik aurrera eskatu ahal izango dute Aparkatzeko Udal Txartela, leihatila berean, 80 euro ordainduta. Aurkeztu beharreko dokumentazioaren informazioa hemen kontsultatu dezakezue.
* Autoa alokairuan duten herritarrek, enpresako ibilgailua dutenek, Orion lan egiten duten langileek, Orion bigarren etxebizitza dutenek eta Aian erroldatutakoek.