Abuztuaren 4an, igandearekin, Orion jokatuko dira Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako 12. jardunaldiak, Orio Kanpina 12. banderak. Eta abuztuaren 3an, larunbatarekin, KAE1 mailako proba puntuagarria jokatuko da, Orio Kanpina 6. bandera. Kirol-probak aurkezteko agerraldia egin dute gaur Anuska Esnal Orioko alkateak, Bittor Andres, Noemi Ostolaza eta Iñaki Makazaga Udaleko zinegotziek eta Andoni Campos, Xabier Altuna eta Josu Atorrasagasti Orio Arraun elkarteko ordezkariek.
Campos-ek nabarmendu duenez, “Oso gustora gaude orain arte lortutako emaitzekin baina Oriorentzat ez da nahikoa, bidea egiten jarraitu behar dugu, horrek ekarriko baitizkigu emaitzak eta arrakasta. Aurten ez bada, hurrengo urtean edo ondorengoan, baina lanean jarraitu behar dugu”.
Igandeko probak
Abuztuaren 4an, igandearekin, Orio Kanpina 12. banderak jokatuko dira, itsasoan. Estropada-eremua iazko bera izango da: Orioko kanpoko espigoiaren aurretik abiatu eta Mollarri aldera. Euskotren Ligako emakumezkoen proba 11:25ean abiatuko da, eta zortzi traineruk hartuko dute parte: Orio Orialki, Donostia Arraun Lagunak, Nortindal Donostiarra, Tolosaldea Arraun Kluba, Hondarribia Bertako Igogailuak, Hibaika jamones Ancin, CR Cabo da Cruz eta SD Tirán Pereira. 1,5 itsas-milia egin beharko dituzte, hau da, 2.778 metro, bi luzetan banatuta eta ziaboga bakarrarekin.
Nagore Iturralde arraunlariak adierazi duenez,”Ilusio handia egiten dit herriko traineruan aritzeak. Zoriontsu egiten nau txikitatik jarraitu dudan taldearen parte izateak eta nola ez, herriko estropadan parte hartu eta emaitza on bat lortzeak”.
Haien ostean, 12:15ean, jokatuko da Eusko Label Ligako gizonezkoen proba, Orio Kanpina 12. bandera. Hiru itsas-milia edo 5.556 metroko distantzia egin beharko dute, lau luzetan banatuta eta hiru ziabogarekin. Hiru txandatan ariko dira hamabi traineruak: Bermeo Urdaibai, Zierbena Bahias de Bizkaia, Orsa Hondarribia, Orio Orialki, Amenabar Donostia, Getaria, Ondarroa Kide, CR Cabo Da Cruz, Lekittarra Elecnor, Kaiku Beraz Galanta, San Pedro-Harri eta C.M. Bueu-Simei.
Campos-ek zehaztu duenez, aisialdi-gunea Herriko Plazan jarriko dute. Eusko Labeleko produktuak jateko eta edateko aukera izango da bertan eta, horrez gain, pantaila erraldoia jarriko da, estropada bertan ikusi ahal izateko. Kanpoko espigoian, bestalde, harmailak jarriko dira, eta gonbidapena beharko da hara sartzeko.
Larunbatean, KAE1 mailako proba
Larunbatean, aldiz, KAE1 mailako Orio Kanpina 6. bandera jokatuko da, 15:30ean hasita. Kale bakarrean, erlojupeko lau luze egin beharko ditu traineru bakoitzak, hiru ziabogarekin (5.556 metro). Hamabi traineru izango dira lehian, bi txandatan banatuta, eta, ohi bezala, Herriko Plazatik irtengo dira, Ortzaikaraino joateko.