Asteburuan jokatuko diren Orio Kanpina banderak aurkeztu ditu Udalak

 

Uztailaren 16an, igandearekin, Orion jokatuko dira Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako seigarren jardunaldiak, Orio Kanpina XI. banderak. Eta uztailaren 15ean, larunbatarekin, KAE2 mailako proba puntuagarria jokatuko da, Orio Kanpina V. Bandera. Kirol probak aurkezteko agerraldia egin dute gaur Anuska Esnal Orioko alkateak, Olatz Santamaria, Bittor Andres eta Lourdes Salsamendi Udaleko zinegotziek eta Iosu Esnaola Orio Arraun Elkarteko presidenteak.

Esnaolak nabarmendu duenez, “”Euskotren liga inoiz baino parekatuago dago. Azken bandera irabaztetik gatoz, eta etxeko banderak duen ilusioarekin aterako gara. Mutilen kasuan, ondo ari dira arraunean, eta konfiantza eman behar diegula uste dut”.

Larunbateko probak

Uztailaren 16an, igandearekin, Orio Kanpina XI. banderak jokatuko dira itsasoan. Estropada-eremua iazko bera izango da: Orioko kanpoko barraren aurretik abiatu eta Mollarri aldera. 

Euskotren Ligako emakumezkoen proba 11:25ean abiatuko da, eta zortzi traineruk hartuko dute parte: Orio Orialki, Donostia Arraun Lagunak, Nortindal Donostiarra, Tolosaldea Arraun Kluba, Hondarribia Bertako Igogailuak, Hibaika jamones Ancin, CR Cabo da Cruz eta SD Tirán Pereira. 1,5 itsas-milia egin beharko dituzte, hau da, 2.778 metro, bi luzetan banatuta eta ziaboga bakarrarekin. 

Haien ostean, 12:15ean, jokatuko da Eusko Label Ligako gizonezkoen proba, Orio Kanpina XI. Bandera.  Hiru itsas-milia edo 5.556 metroko distantzia egin beharko dute, lau luzetan banatuta eta hiru ziabogarekin. Hiru txandatan ariko dira hamabi traineruak.

Esnaolak zehaztu duenez, aisialdi-gunea Herriko Plazan jarriko dute aurtengoan: “Bisiguaren Festa ere bertan izango da, eta giro polita egongo da herrian”. Eusko Labeleko produktuak jateko eta edateko aukera izango da bertan eta, horrez gain, pantaila erraldoia jarriko da, estropada bertan ikusi ahal izateko. 

Larunbatean, KAE2 mailako proba

Larunbatean, aldiz, KAE2 mailako Orio Kanpina Bandera jokatuko da, 14:00etan hasita. Kale bakarrean, erlojupeko lau luze egin beharko ditu traineru bakoitzak, hiru ziabogarekin (5.556 metro). Zazpi trainera izango dira lehian, bi txandatan banatuta, eta Herriko Plazatik irtengo dira, Ortzaikaraino. “Zubi azpitik pasatzen diren momentua oso berezia da, eta festa aparta izango da”, gaineratu du Esnaolak.