Iker Iriarte eta Pablo Dendaluzeren Auzolangiltza dokumentala Orion izango da ikusgai asteazkenean, azaroak 29. Euskal Herrian horren errotuta dagoen auzolanaren kultura du aztergai 45 minutuko ikus-entzunezkoak. Emanaldia doakoa izango da, 19:00etan, kultur etxean.
Egileek aitortu dutenez, «azken urteetan auzolana hitza modan jarri da, eta hitza asko erabiltzeak berekin du hura edukiz husteko arriskua. Auzolanaren kulturak bere baitan du balio-sistema bat, mundu ikuskera oso bat, eta antolakuntza sozial modu batzuk jasotzen ditu; beraz, ez da elkarlan hutsera edo lankidetzan aritzera mugatzen».
Iraganean ez ezik, etorkizunean ere jarri du jomuga lanak: «Auzolana iraganeko kontua da akaso, baina etorkizunerako giltza zalantzarik gabe; gaur-gaurkoz, modu batera edo bestera, auzolana egiten baita gure herrietan». Dokumentalak, oraindik bizirik dauden balio, kultura eta ohituretatik abiatuta, etorkizuna indartzeko bideak ireki nahi ditu.
Lana irailaren bukaeran eman zuten aurrenekoz, eta ordutik, herriz herri ibili da biran. Proiektua 2021ean abiatu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren laguntzarekin eta HUHEZI Koop. E. eta Eusko Ikaskuntzarekin batera. Horrez gain, babesle eta laguntzaile izan ditu Tolosako eta Alegiako Udalak, besteak beste.