Indarkeria matxistaren aurkako eguna da azaroaren 25a eta, aldarrikapenarekin bat eginez, bost ekitaldiko egitaraua prestatu du azarorako Orioko Ahalduntze Eskolak.
Programa abiatzeko, herriko Xaltxerak taldeak prestatutako Autodefentsa Feminista kamisetak banatuko dituzte aste honetan: azaroaren 11n, ostegunarekin, Orioko plazan izango dira 18:00etatik 20:00etara, eta hilaren 12an, ostiralarekin, Arraunetxen 18:00etatik 19:00etara.
Ostiralean bertan, gainera, Erradikalak ginen antzezlana eskainiko dute Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal antzerkilari eta ipuin-kontalariak Arraunetxen, 19:00etan. Feminismoa zehar-lerro hartuta, eta umorea lagun, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz eta beste hainbat gairen inguruan sakonduko dute. Sarrerak Ahalduntze Eskolan erosi daitezke 5 euroan.
Azaroaren 17an, asteazkenarekin, Elkarbizitzarako eskubide eta betebeharrak formazio-hitzaldia eskainiko du Macarena Mugica Urbistondok, 17:00etan Salatxo aretoan. Bizikidetza-unitateak (bikoteak edo bestelako elkarbizitza-taldeak) suposatzen dituen eraginen gainean kontzientzia hartzea ahalbidetuko du saioak. Eta azaroaren 23an, asteartearekin, Berdintasun Diagnosiaren aurkezpen publikoa egingo dute 18:00etan, Salatxo aretoan.
Azkenik, indarkeria matxistaren aurkako egunean bertan, azaroak 25, bi jarduera aurreikusi dituzte: lehenik, eskualdeko ikastetxeen eta Udalen manifestua irakurriko dute online, 11:30ean, eta iluntzean, 19:00etan hasita, manifestazio zaratatsuarekin bat egiteko deia luzatu du Xaltxerak taldeak.