Arkupe merkatarien eta ostalarien elkarteak Balearen Eguneko ginkana jarri du martxan gaur, maiatzak 2. Herriko dendetan eta tabernetan kontsumitzen duten herritarrak sarituko ditu ekimenak, eta aurten, aurrenekoz, zigilu guztiak lortzen dituztenek Balearen Eguneko zapia jasoko dute zuzenean.
Aurtengo kanpainak aurrekoek bezala funtzionatuko du: herriko establezimenduetan kontsumitzen duten herritarrek txartel bat jasoko dute, eta erosketa bakoitzagatik, zigilu bana jarriko diete. Behin sei zigiluak lortuta, txartela, Rosana Argazkilaritza estudioan ala Zipriztin inprimategian utzi beharko da. Sei zigiluak batzen dituenak Balearen Eguneko zapia jasoko du eta, horrez gain, 200 euroko bost opari-txartelen zozketan parte hartuko du.
Ginkanak bi aste iraungo du, maiatzaren 14ra arte, eta zozketa maiatzaren 16an egingo dute.
Arkupek antolatutako ekimenak Eusko Jaurlaritzaren eta Orioko Udalaren babesa du.