2022ko ekainean sartu zen indarrean Orioko Trafikoaren eta Aparkalekuen Ordenantza (TAO) berria. Ordutik, sistemaren ahulguneak eta indarguneak aztertu ditu Udalak, eta otsailean bilera irekia deitu zuen herritarren balorazioa ezagutzeko. Jasotako ekarpen guztiekin ordenantza eguneratu du, eta aldaketak datorren astean sartuko dira indarrean.
Aldaketak bertakoentzako eremuei eragiten die batez ere. Orain arte, bost ziren Aparkatzeko Udal Txartela duten ibilgailuentzat gordetako eremuak: Anibarko Portua, Estropalari-Bikamiota, Pelotari kalea, Autopista azpiko ibilgailu luzeen aparkalekua eta Alde Zaharra. Aurrerantzean, berriz, beste eremu hauek gehituko dira zerrendara: Balea, Erribera, Palota, eta Ibai Ondo kaleak.
Horrenbestez, guztira 353 aparkaleku izango dira bertakoentzat herrian. B eta R hizkiekin markatuta egongo dira eta, bertan aparkatzeko, ezinbestekoa izango da Aparkatzeko Udal Txartela autoan pegatuta eramatea.
Udala jakitun da horrelako aldaketek egokitzapen-prozesu bat eskatzen dutela. Horregatik, abuztuaren 1a arte, TAOko langileek ohar bat utziko diete pegatinarik ez duten eta bertakoentzako eremuetan aparkatzen duten ibilgailuei, aldaketaren berri emanez.
Bestelako aldaketak
Aipatzeko moduko beste aldaketa batzuk ere egin ditu Udalak:
Jarduera ekonomikoei atxikitako ibilgailuentzat tarifa berezi bat sortu da. Horiek aukera izango dute egonaldi luzeko eremuetan aparkatzeaz gain, bertakoen eremuan ere aparkatzeko, TAO aplikazioaren bidez dagokion tarifa ordainduta.
Arau-hauste arinetako isunak TAO makinetan edota aplikazio bidez ordaintzeko denbora tartea handitu da, 24 ordutara.
Egonaldi luzeko aparkalekuen denboraldiak
Horrez gain, egonaldi luzeko aparkalekuen denboraldien datak pixka bat egokitu ditu
Udalak. Hauek dira data zehatzak:
- Behe-denboraldia: Azaroak 5 – Martxoak 14
- Denboraldi ertaina: Martxoak 15 – Maiatzak 31
- Udaldia: Ekainak 1 – Irailak 15
- Denboraldi ertaina: Irailak 16 – Azaroak 4
Eskuorriak, udaletxean
TAO sistemaren inguruko eskuorria prestatu du Udalak, informazio gehiago nahi duten herritarrentzat. Hemen ikus daiteke artxiboa, eta bestela, udaletxean jaso daiteke eskuorria fisikoki.