Bertso-jaialdia izango da Karelan, Korrika kulturalaren barruan

San Nikolas jaiak bertan behera gelditu bezain pronto adostu zuten Orioko Udalak eta Errikotxia bertsozaleen elkarteak ohiko bertso-jaialdia negu amaieran edo udaberrian egitea. Azkenean, Korrika kulturalaren barruan kokatu dute antolatzaileek: martxoaren 27an izango da, igandearekin, Karelan kiroldegian, 18:00etan.

Ekitaldira sartzeko, gonbita hartu behar da eta, gonbita hori lortzeko, kultur etxean eskatu behar da edo, bestela, esteka honen bidez eskuratu, doan.

Printzipioz, 300 lagunentzat egokituko da Karela kiroldegia eta, beraz, ez itxaron azken unera arte gonbita hartzeko.

Puntako bost bertsolari izango dira kantuan, Unai Manterola gai-jartzailearen esanetara. Karelan askotan aritutakoak dira Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolari txapeldunak. Aldiz, Orioko jaialdi nagusian lehen aldiz abestuko dute bi bertsolari gaztek: Joanes Illarregi leitzarrak eta Oihana Arana Eskoriatzako sortzaileak. Errikotxiak egiten du bertsolarien aukeraketa eta aniztasuna bilatzen du bertsozale taldeak: aurten hiru probintzietako bertsolariak ariko dira kantuan, bertsolari gazteak eta eskarmentudunak elkarrekin.

Errikotxia elkarteak antolatu du ekitaldia, Orioko Udalaren laguntzarekin.