Ukrainako gerrako biktimentzako laguntza jasotzeko herrian egindako deialdiak oso erantzun ona izan du, eta bihar goizean irtengo da Oriotik azken bi asteetan bildutako janaria, arropa eta sendagaiak Ukrainara eramango dituen trailerra. Udalak txalotu egin nahi du ekimena sustatu duen elkartearen eta herritarren lana.
Orioko Udalak irmo arbuiatzen du Errusiako Federazioak Ukrainan abiatutako eraso militarra, mundu zabalean uneotan indarrean dauden gainerako gerrak bezala. Horregatik, bat egiten du herritarrek erakutsitako elkartasunarekin.
Laguntza, Ukrainarantz
Bihar, martxoak 12, abiatuko da Ukrainarantz oriotarrek emandako baliabideekin betetako trailerra. Janaria, sendagaiak eta arropak daramatza, eta oriotarrek egindako diru-ekarpenari esker egingo du bidaia, Udalaren babesarekin.
Eskerrik asko guztioi, miresgarria da erakutsi duzuen elkartasuna.