Orioko bidegorri-sarea osatzeko, Hondartzako bidearen zatia falta da, autopistako eta Bikamiotako biribilguneen artekoa, eta lanak bihar, apirilak 6, abiatuko dituzte. Lehen asteotan oinarrizko zereginekin hasiko dira, eta ez dute ia eragozpenik sortuko. Apirilaren 25etik aurrera, berriz, trafikoari eta oinezkoen pasaerari eragingo dieten aldaketak izango dira.
Herria eta hondartza lotuko dituen bidegorria udarako prest izatea aurreikusi du Udalak. Obrek 16 aste iraungo dute, eta Morga SL enpresak egingo ditu, EARKI arkitekto-bulegoaren zuzendaritzapean. Kostua 464.792,34 eurokoa izango da (BEZ barne).
Aste Santuko oporraldiaren ostean, apirilaren 25etik aurrera, aldaketa hauek eragingo ditu:
- Trafikoan: Hondartza bidea herrira sartzeko erabiliko da bakarrik (errailetako bat lanak egiteko okupatuko baitute) eta herriko irteera Estropalari kaletik egin beharko da.
- Oinezkoen pasaeran: Estropalari kalea edo Bikamiota aldeko espaloia erabili beharko dute oinezkoek, hondartza aldera joateko.
Barkatu eragozpenak.