Bilera irekia deitu du Udalak dendariekin, tabernariekin eta ostatu-jabeekin, Orioko euskara-planaren lanketaren barruan

Udalak bilera egingo du herriko dendariekin, tabernariekin eta ostatu-jabeekin datorren asteartean, azaroak 2, Salatxo aretoan, 14:30ean. Udalak Orioko euskara-plana egin nahi du datozen 10 urteetarako, eta gogoeta-prozesu bat abiatu du plan horren edukia lantzeko herritarrekin batera. Horretarako, lau lantalde osatu ditu, estrategikoak iruditzen zaizkion alor hauetan: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Asteartekoa izango da merkataritzako lantaldearen lehenbiziko bilera.

Udalak zuzenean gonbidatu ditu lantaldera herriko dendari, tabernari eta ostatu-jabeak, baina bilera irekiak izango dira, eta gaiarekin interesa duen edozeinek parte hartu dezake. Merkataritzako lantalde honek hiru bilera egingo ditu, azaroan hasi eta urtarrilean bukatuko den prozesuaren barruan:

Lehen bilera: Egoeraren diagnostiko konpartitua egiteko: ahulguneak eta indarguneak.

Bigarren bilera: Diagnostikoa azaldu, 10 urterako helburuak finkatu eta helburu horiek lortzeko ekintzak proposatzeko.

Hirugarren bilera: Lantaldeak egindako lanaren emaitza aurkeztu, findu eta osatzeko.