Bisiguaren egoera biologikoari buruzko hitzaldia eman du AZTIk

 

Guzman Diez AZTIko ikertzailea eta biologian doktoreak hitzaldia eman zuen Kultur Etxean, bisiguaren (Pagellus bogaraveo) egoera biologikoaren inguruan. Bisigua oso arrain ezaguna da herrian, baina batez ere gastronomia eta arrantzari lotutako alorrak ezagutzen dituzte herritarrek. Espeziaren ezaugarri, bereizgarri eta egoeraren inguruan aritu zen Diez hitzaldian. 

Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan bizi da bisigua (Pagellus bogaraveo), esparidoak familiako arraina. Espeziaren bereizgarrietako bat da hermafrodita dela; hau da, sexua aldatzen du helduaroan. Gaztaroan arrak izan ohi dira, tamaina txikiagokoak eta kolore grisekoak. Adinean eta tamainan gora egin ahala, kolore gorrixka hartzen dute, eta eme bihurtzen dira.

Hain zuzen ere, ezaugarri horrek egiten du bisigua berezi, eta arriskuan jartzen du espeziearen jasangarritasuna. Izan ere, emeak izan ohi dira gastronomiarako pieza preziatuenak, tamaina handienekoak, eta gainustiaketak espeziearen oreka hausten du; eme nahikorik ez da espeziearen iraupenerako. Horregatik da horren zaila espeziea berreskuratzea: «Bisigu-arrantza oraintxe bertan eten eta gehiago arrantzatuko ez bagenu ere, hamarkadak beharko lirateke espeziea berreskuratzeko».

Bisiguen hiru arrantza-leku nagusiei buruz ere aritu zen Diez:

  • Bizkaiko Golkoa eta Irlandako itsasoa da horietako bat. Ur horietan, ordea, arrantza-lekua «kolapsatuta dago». Grafiko baten bidez eman zuen bilakaera horren berri: 1970eko hamarkadan, 10.000 eta 14.000 tona artean arrantzatu ohi ziren urtero. Gaur egun, zientzialarien gomendioa sektore horretan bisigurik ez arrantzatzea da. Nolanahi ere, Europako Batzordeak urtean 95 tonako kuota arrantzatzen uzten du.
  • Beste arrantza-leku garrantzitsua Gibraltar ingurua da. Joera Bizkaiko Golkoaren antzekoa da, AZTIko zientzialariaren arabera, baina hamar urteko atzerapenarekin. Gaur egun, 45 tonako urteko kuota da.
  • Gaur egungo arrantza-leku nagusia Azoreetan dago. Uharteen ezaugarri geografikoek egiten dute aproposa arrantzarako: milia gutxitara sakonera handiko urak daude, bisigua bezalako espezien bizitoki. Zonalde horretan bilakaera desberdina izan da, hainbat arrazoigatik. Horietako bat da arrantza-industria horren indartsurik ez egotea. Nolanahi ere, azken urteetako joera ere beheranzkoa da: urtetik urtera Europako Batzordeak gero eta bisigu kopuru txikiagoa uzten du arrantzatzen. Azkeneko urteetan 400 tonako bisigu-kuota jarria dago.