Uztailaren 13an eta 14an egingo da aurten Bisiguaren Festa, eta bi otordu emango dira: larunbateko bazkaria eta igandeko bazkaria. Bakoitzean 220 pertsona inguruk jango du, eta txartelak larunbat honetan, uztailak 6, jarriko dira salgai turismo-bulegoan, 8:00etatik aurrera.
60 euroko prezioa izango dute, eta lehen egun horretan, oriotarrek soilik erosi ahal izango dituzte. Uztailaren 7tik aurrera, ordea, kanpotarrei ere emango zaie erosteko aukera.
Pertsona bakoitzak mahai bat erreserbatu ahal izango du gehienez. 10 laguneko mahaiak dira; gehienez ere, 11 pertsona sartu daitezke, estuago. Ez da onartuko pertsona batek mahai bat baino gehiago hartzea, nahiz eta beste egun bateko otordurako izan, edo nahiz eta beste pertsona baten nortasun-agiria edo ordezkapen-agiria izan.
Iaz bezala aurten ere, erosteko unean bertan ordaindu beharko dira sarrerak, txartelarekin edo eskudirutan.