‘Bitartekarien irakurle-kluba’ jarri nahi du martxan Udalak

Udalak Orioko guraso eta irakasleei zuzendutako irakurle-kluba sortu nahi du, haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko eta euskal literatura ezagutarazi eta maitatzeko.

Hasteko, hitzaldia

Egitasmoari hasiera emateko, hitzaldi irekia izango da otsailaren 14an, kultur etxeko areto nagusian, 17:30ean, Imanol Mercero haur literaturan teknikariaren gidaritzapean. Hauxe izango da izenburua: «Nola lagundu haurrari irakurzaletzen? Haur- literaturari buruzko hitzaldia, bitartekarientzat (guraso, irakasle, liburuzain…)».

Hitzaldia irekia da eta bertan ere izango da aukera irakurle-klubaren hurrengo saioetan izena emateko.

Kluba

Irakurle-klubean parte hartzen dutenek aukera izango dute 2 eta 16 urte arteko haurrei eta gazteei zuzendutako literaturaz gogoeta egiteko. Egitasmoa otsailaren 28an hasiko da eta ekainaren 6an bukatu. Irakurle-kluba hamabostean behin bilduko da, asteartez; 8 saio izango dira guztira, ordubete edo ordu eta erdi ingurukoak, beti 17:30ean hasita. Parte-hartzaileek haur-literaturako liburu asko ezagutzeko aukera izango dute eta irizpideak eta tresnak jasoko dituzte liburuak egoki aukeratzeko eta irakurle kritikoak sortzeko. Saioak arinak baina mamitsuak izango dira.

Parte hartu nahi dutenek udal-liburutegian eman behar dute izena. Gehienez, 15 laguneko taldea izango da.

Imanol Mercerok gidatuta

Imanol Mercero Etxeberriak gidatuko du irakurle-kluba. Imanol lizentziaduna da Euskal Filologian eta, urte batzuetan euskara-irakasle jardun zen. Batez ere, haur literaturako egitasmoak dinamizatzen aritu da, bai haurrekin eta bai helduekin. Berria egunkariko literatur kritikarietako bat da, Haur Literaturaren sailean.

Imanol Mercerok urte asko daramatza han-hemengo irakurle-klubak sortzen eta dinamizatzen.