‘Bizitza Askeak Plazer’: Berdintasunaren alorretik, askotariko indarkeria adierazpenen aurka jarduteko lan-lerroa aurkeztu du Udalak

Orioko Udalak Berdintasunaren alorrean lan egiteko marko berri bat sortu du, indarkeria mota ezberdinei lotutako politikak lantzeko. Gaur goizean egin du marka aurkezteko agerraldia Saregile Orioko Emakumeon* Etxean, eta bertan izan dira Anuska Esnal Orioko alkatea, Saioa Iraola Orioko Udaleko Berdintasun eta Hezkuntza teknikaria, Saregile Orioko Emakumeon Etxeko kudeatzaile Aizpea Esnaola eta Miriam Garcia, eta Ainara Munduate eta Lourdes Salsamendi Orioko Udaleko zinegotziak.

Berdintasunaren bidean, aurrera urratsak

Esnalek adierazi duenez, azken urteetan, Orioko Udalak politikak sustatzen dihardu herriak berdintasunaren alorrean herriak bizi duen errealitatea eraldatzeko, herritarren bizi-baldintzak hobetzeko eta aukera-berdintasuna bermatzeko. Eta bide horretan, urrats esanguratsuak ematen ari da, lau ildo nagusiri lotuta: 

Alde batetik, berdintasun politikak garatzeko eta ikuspegi feminista eta emakumeen parte-hartze sozio-politikoa bultzatzeko egiturak indartu ditu, hala nola: Emakumeen Mahaia abian jarri zen 2022an; Orioko Emakumeon* Etxea sortu zuen 2023ko irailean, herriko emakumeen* ahalduntzea bultzatzeko, haien saretzean eragiteko, eta dituzten beharrei erantzuteko; Hezkidetza Mahaia sortu zen jarraian; III. Berdintasun Plana osatzeko prozesua martxan da urte hasieratik, eta berdintasun teknikaria kontratatu da aurtengo irailean.

Beste alde batetik, hezkidetzan oinarritutako herri eredua eraikitzeko bidean, Orioren egungo egoeraren diagnostikoa egin da. Dokumentuan, hain zuzen, hezkuntzaren, kirolaren eta herrigintzaren alorretako eragileen eta norbanakoen bizipenak jaso dira, genero-berdintasunari lotuta, eta balioen eraldaketarako eta berdintasunerantz bidea egiteko plana proposatu da. Datorren urtera begira, hainbat ardatz lantzea izango da helburua: ikastetxeetako hezkidetza-kurrikulum bateratua sortzea; herrigintzan jarduten diren elkarteentzako eta norbanakoentzako langune osasungarri bat sortzea, festa batzordearen egituraren errebisioari lotuta; eta kirol elkarteekin berdintasun diagnostikoa eta esku-hartzeak lantzen hastea. 

Gainera, zaintzak eremu pribatutik espazio publikora ateratzeko, pertsona ardatz izango duen eredu komunitario bat sortzeko lanean ari da Udala. Eredu honek aukera emango du zaintza behar duten pertsonek beren bizitza-proiektua ahalik eta baldintza onenetan garatzeko, komunitatearen babesarekin eta laguntzarekin. Horretarako, hainbat prozesu ari da sustatzen Udaleko Zaintza lantaldea: Gizarte Zerbitzuak indartzea eta pertsonengan oinarritutako arreta-moduan trebatzea; zaintzaileentzako elkarguneak sortzea; zaintzaren inguruko pedagogia egiteko gogoeta eta eztabaida-saioak antolatzea; eta herri gisa, Zaintzaren Herri Akordioa osatzeko prozesua gauzatzea.  

Azkenik, indarkeria matxistaren alorrean, prebentzioa, kontzientziazioa eta arreta hobetzeko jardunean ari da Udala. 2023an, Indarkeria matxistari aurre egiten dieten emakumeen arreta hobetzeko erakunde arteko protokoloa sinatu zen. Orduz geroztik, Mahai Tekniko bat osatu da eta esku-hartzeak hobetzeko lanean dihardu. Bestalde, jaietako eraso sexistei dagokionez, aurtengo San Pedro festen aurretik, herriko 40tik gora eragilek adierazpen bateratua kaleratu zuten erasoen aurrean planto egiten zutela adierazteko, eta haien aldarrikapenari lotuta, orotariko indarkeriei aurre egiteko politikak lantzen ari da Udala. Eta azkenik, 2023an Orio astindu zuen erailketa matxistaren ondorioei aurre egiteko, herri-erreparaziorako baliabideak eskaintzen jarraituko du, lanketa prozesu kolektiboan aurrera egiteko.

Bizitza askeak plazer

Berdintasunaren bidean emandako urratsen aurrean, eta azken puntu horretan zehaztutako indarkeriari lotuta, gizartean oldarraldi orokor bat ematen ari dela azaldu du Iraolak. Eta Orion ere izan dira azken hiletan hainbat eraso, Orioko mugimendu feministaren eta LGTBIQ+ kolektiboaren kontra, baita udal-ekipamentu den Saregile Emakumeon* Etxearen aurka ere, besteak beste. “Kezka horri erantzun bat emateko beharra sentitu du Udalak, harreman osasuntsuetan oinarritutako herria nahi dugula adierazteko, eta Bizitza askeak plazer markoa sortu du, elkarbizitza on baten aldeko herri-konpromisoa jomugan”, azaldu du. 

Indarkeria matxista, arrazista, homofobikoa, transfobikoa, erlijioari lotutakoa… identitate edo talde sozial batekiko diskriminazioak edo gorrotoak eragindako indarkeriak dira. Horien aurrean harreman eredu berriak eraikitzeko eta askotariko bizitzak onartzen eta errespetatzen dituen gizartea bultzatzeko sortu du markoa Udalak, eta herriko eragileei eta herritarrei dei egiten die norabide horretan, elkarrekin, jarduteko.

Bizitza askeak plazer leloaren bidez, Orioko Udalak zera adierazi nahi du: herritarrek modu askean bizitzeko aukera izatea desio duela, elkarren zaintzan eta errespetuan oinarrituta. Plazer izan adierazpenak, hain justu, zentzu bikoitza du: bizitza askeak nahi ditugula adierazten du, batetik, eta plazera sentitzen dugunean aske garela bistaratu nahi du bestetik, gozamenaren zentzu zabalean. 

Azaroak 25

Datorren asteartea, azaroak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izango da. Bizitza Askeak Plazer lan-ildoaren baitan, Orioko Udalak herriko eragileei luzatuko die gonbita, eguneko aldarrikapenarekin bat egin dezaten. Horretarako, lemarekin egindako zapi edo banderolak jarriko ditu eskuragai udal-eraikinetan, eta elkarteek aukera izango dute banderolekin argazkia egiteko eta sare sozialen bidez zabaltzeko, #BizitzaAskeakPlazer traolarekin.

Egun horri lotuta herriko eragileek antolatu dituzten ekimenekin ere bat egingo du Udalak, hala nola, Txurrumuski aisialdi-taldeak deitu duen bideo-lehiaketa (ostiral honetan egingo da proiekzioa eta sari-banaketa ekitaldia), eta Orioko Mugimendu Feministak deituko duen elkarretaratzea. Azaroaren 25eko iluntzean izango da, Herriko Plazan, eta Udalak hitzorduarekin bat egitera animatu nahi ditu herritarrak.