Saregile Emakumeon* Etxeak ekainaren 13an jasandako erasoa ez da kontu isolatu bat izan. Iazko sanikolasetatik hasita, ugaritu egin dira Orion mugimendu feministaren eta LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako erasoak, eta gero eta larriagoak dira.
Mundu osoan zabaltzen ari den olatu erreakzionarioaren zantzu gero eta nabarmenagoak ikusten ditugu herrian, eta oso kezkatuta gaude.
Oriok, ordea, apustu garbia egin du berdintasunaren eta aniztasunaren alde, eta, horregatik, idatzi hau sinatzen dugun elkarte eta eragileok hauxe esan nahi diegu, ozen, erasotzaileei: bakarrik zaudete. Alferrik ari zarete gehiengoaren nahia oztopatu nahian.
48 ordu barru lehertuko dira San Pedro festak eta mezu bateratu argi hau eman nahi diegu herritar guztiei: festetan ez dugu eraso matxistarik onartuko, ez dugu jazarpenik onartuko, eta, erasoen aurrean, planto egingo dugu.
Herriko festak guztionak dira eta guztiok dugu eskubidea bakean ospatzeko, lasai, aske eta alai. Denon ardura da mezu hau zabaltzea eta, nork bere lekutik, gure aletxoa jartzea hala izan dadin.
Sinatzaileak:
Aldapa txirrindulari-taldea, Arkupe dendarien elkartea, Arrantzale Egunaren talde-eragilea, Orioko Arrantzale-kofradia, Badok 13 kirol-elkartea, Berdin Berdinak kirol-elkartea, Danbolin Musika eta Dantza Eskola, Errikotxia Bertsozale Elkartea, Etxeluze gaztetxea, Garmendiazpi auzo-elkartea, Gazteon Ahotsa, Harribil dantza-taldea, Herrio natur taldea, Itxastresna surf-taldea, Kamel Ziani atletismo-elkartea, Lera mitologia-taldea, Maria Maestra haurreskola, Mugimendu Feminista, Muskuilu-Harri elkartea, Oria Bizi ongizate-elkartea, Orio Arraunketa Elkartea, Orio Eragin Eskubaloi Taldea, Orioko AEK-ko irakasleak, Orioko Bate Bizkorrak, Orioko Erraldoiak, Orioko Futbol Elkartea, Orioko Gure Esku Dago, Orioko Herri Ikastola, Orioko Pakak, Orioko txaranga, Ospele pilota-elkartea, Ostargi aisialdi-elkartea, Salatxo abesbatza, San Martin Auzo Elkartea, San Pedro jai-batzordea, Saregile Orioko Emakumeon* Etxea, Talaimendi mendi-elkartea, Txosna-batzordea, Txurrumuski aisialdi-elkartea, Zaharren Babeslekua, Zainbizi elkartea, Zaragueta Herri Eskola, ZAST saskibaloi-taldea eta Orioko Udala.