Ibilbide oparoa egin du Danbolin Musika Eskolak hiru hamarkada eta erdian. Haurtzarotik musikaren inguruko ezagutza sustatzea du muin, harekiko grina piztu eta, ahal dela, instrumentuen praktikara eraman, banaka zein taldean. Ibilbide horrek berak garaietara moldatzea dakarkio, eta horregatik, marka-irudi berria izango du aurrerantzean, Danbolin Musika eta Dantza Eskola gisa.
Pasa den larunbateko DanbolinFest jaian aurkeztu zuen Danbolin Musika eta Dantza Eskolak bere marka berria. Eskolaren ekosistema osatzen duten ikasleek, irakasleek, gurasoek eta Udaleko ordezkariek parte hartu zuten aurkezpenean, eta guztien artean, marka berria ezagutarazi zuten.
Irudiaren garapenerako, bost kontzeptu hartu dira oinarrian: musika eta Patxi Danbolin dira bi funtsezkoenak; eta horrez gain, irudia egungoa, soila eta dinamikoa izatea. Elementu horiek guztiak barneratuta daude Danbolin izenean, eta musikaren notazioari lotutako elementuak eta Patxi Danbolin bera irudikatzen ditu izen berriak: D hizkiak nota bat dirudi, baina Patxi Danbolinen txapelari ere keinua egiten dio; O hizkia nota borobila da, eta pentagrama luzatzeko erabiltzen den formula du azpian. Eta I hizkiaren puntua bere lekutik aldendu eta izenaren bukaerara joan da, musikan puntuak adierazi bezala, izenari jarraipena emanez, Danbolinen legatua denboran iraunaraziz.
Marka berria pixkanaka ezarriko da Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren euskarrietan, bai eraikinaren kanpoaldean eta bai etxeetara banatuko diren euskarrietan.