Datozen asteetan TAO-makinak berrituko ditu EYSA Enpresak

 

2022ko ekainaren 1ean sartu zen indarrean Orioko TAO-sistema berria. Herrian 29 TAO-makina jarri ziren orduan, hainbat gunetan banatuta. Makinak jarri zituen enpresak, EYSA zerbitzuak, ezin izan zituen orduan Udalarekin adostutako makina berriak instalatu eta, behin-behinean, modelo zaharrago batzuk jarri zituen. Enpresak, orain, makina zaharrak ordezkatuko ditu eta berriak instalatuko ditu, irisgarriagoak eta erabilgarriagoak. Aste Santurako prest eta erabilgarri egongo dira TAO-makina berriak.

Herrian dauden 29 makinetatik 10 urte osoan daude martxan. Horietako zortzi egonaldi laburreko eremuan daude (herrigunean), eta beste bi egonaldi luzeko eremuan (Munton). Udan eta tarteko denboraldian, aldiz, beste 19 makinak aktibatzen dira: Abaromendin, autopista azpian eta hondartza aldean.

Irisgarritasuna

Datorren astetik aurrera instalatuko diren makinek legeak eskatutako irisgarritasun-irizpideak betetzen dituzte. Ukipenezko pantaila dute, eta pantaila hori pixka bat etzanda dago, informazioa errazago ikusteko. Horrez gain, manipulatu beharreko elementuak hurbilago dituzte, mugikortasun urriko pertsonek errazago erabiltzeko.

QR kodeen eskanerra eta barra irakurgailua ere badituzte, eta denbora gainditzeagatik jarritako salaketak baliogabetzeko aukera eskaintzen dute. Ordainketari dagokionez, txaponen edo txartelen bidez ordaintzeko aukera ematen diete erabiltzaileei.

App-arekin, errazago

El Parking izeneko mugikorretarako aplikazioak aparkalekua kudeatzeko aukera eskaintzen du, makinara joateko eta txartela ateratzeko beharrik gabe. Telefonotik bertatik egin daiteke ordainketa, aparteko kosturik gabe, eta Apple eta Android sistema eragileetan dago eskuragarri.

Urteurrena

2022ko ekainaren 1ean jarri zen martxan TAO sistema berria eta urteurrena baliatu nahi du Udalak herritarrekin eta merkatari eta ostalariekin balorazioa egiteko.