Festarako, algararako, parrandarako, jolaserako, dantzarako, sormenerako, kirolerako… denerako aukera eman digute beste behin San Pedro festek. Nahi baino gehiago begiratu behar izan diogu zeruari, eta ekitaldiren bat edo beste egokitu behar izan du Udalak. Baina aurtengo festetako protagonista ez da euria izan, herrigintza eta elkarlana baizik.
Iristea kostatzen ari zaion udari ongietorri ezin hobea emateko eta elkarrekin gozatzeko baliatu ditugu jaiak oriotarrok. Arrakastatsuak izan dira buruhandien eta Kataluniatik etorritako Drac eta Aliga figuren irteerak, baita Arrantzale Eguneko kalejira eta dantza-ekitaldi jendetsua ere. San Martingo bizikleta-igoera berreskuratu du aurten Aldapa elkarteak, eta herriko txirrindulariek gogotsu erantzun diote deialdiari. Herriko Plaza goraino bete da era guztietako ekitaldiekin eta musika-emanaldiekin, eta hilaren 28an, iaz bezala aurten ere, ozen entzun zen LGTBIQ+ kolektiboaren aldarria.
Horregatik guztiagatik, enegarrenez, mila esker, Orio!
Festek amaiera tristea izan dute, eta Udalak maitasuna eta babesa helarazten dizkie familiari eta senitartekoei.